Gripearen kontrako 1200nen bat txerto jarri dira orain arte Oñatin

2017/11/08
Orain bi aste hasi zen txertaketa kanpaina abenduaren 23ra arte luzatuko da

  Urteroko txertaketa kanpaina hau 65 urte edo gehiago duten herritarrei, gaixo kronikoei eta haurdun dauden emakumeei zuzentzen zaie bereziki. Nagusienak izan ohi dira bakuna hartzeko ohitura barneratuen dutenak eta horiek dira, hain zuzen ere, Oñatin orain arte txertatu direnen artean ugarienak. Kanpaina hasi eta lehenengo bi astetan 1200 txerto inguru jarri dira jada, eta horietatik gehienak, 65 urtetik gorako herritarrei jarri zaizkie.

  Jendea kanpaina noiz hasiko zain zegoen eta hori anbulatorioan igarri da, bereziki lehenengo astean, 500nen bat lagun txertatu zirelako Osasun Zentroan. Lehen jende uholde horri aurre egiteko errefortzuko erizain bat kontratatu zen, bakunak jartzeko soilik. Gainontzeko erizainek gainera, beren kupoan dituzten pertsona nagusi nahiz gaixo kronikoei ere txertoa hartzeko egokitasuna azaltzen diete eta hala nahi dutenei txertoa kontsultan jartzen diete zuzenean. Azken egunetan  gripearen txertoa hartzera doazenen kopurua murriztu da eta errefortzuko erizaina beste zeregin batzuetan hasi da. Herrian dauden monasterio ezberdinetara joan da bertako moja eta fraide nagusiak txertatzera. Baina anbulatorioan lanean jarraitzen du nahiz eta, gripearen bakunak jartzeko orduakgutxitu dituen eta eguneko jardunaren tarte jakin batean aritzen den horretan.

  Aurreko urteekin alderatuta, kanpaina hasierako bi asteetan, aurten baino o txerto gehiago jarri zituztela adierazi digute anbulatoriotik. Dena den, presarik ez dagoela eta kanpaina abenduren 23ra arte luzatuko dela gogoratu nahi izan dute. Hori bai, txertoa hartzea komeni dela azpimarratuz, beraz, ez ahazteko esanez.

  Oñatin 2200 txerto inguru jartzen dira urtero. Gripearen kontrako txertoa hartzeko anbulatoriora deitu eta txanda hartu behar da.

Iturria: Oñati Irratia