Gontzal Belategi Gipuzkoako eskolarteko finalean arituko da

2016/02/15
Card image cap
Legazpiko kanporaketa irabazita finalerako lehen txartela eskuratu du

  Ostiralean jokatu zen Gipuzkoako eskolarteko txapelketako lehendabiziko kanporaketa. Hirurogei lagun inguru bildu ziren Legazpiko Muruazpi Elkartean eta afalondoren izan zen saioa. Gontzal Belategi oñatiarrak irabazi zuen eta ondorioz, apirilaren 17an Eibarren ospatuko den finalerako lehen txartela zuzenean lortu zuen. Saioan beste bost bertsolari gazte aritu ziren, Bittor Zubiagirre oñatiarra eta Ane Beloki, Oihana Arana, Marixe Ruiz de Austri eta Gartxot Ramirez. Hauek oraindik jokatzeke dauden beste lau kanporaketa eta puntuazioen zain egon beharko dute finalean lekurik izango ote duten jakiteko. Hurrengo kanporaketa datorren ostiralean jokatuko da Lasarte-Oriako Arrieskalleta Elkartean.

  Oñatiko bertso eskolako bost lagunek parte hartzen dute eskolarteko bat-bateko txapelketan. Legazpin aritu ziren Gontzal Belategi eta Bittor Zubiagirrez gain, Aritz Irigoien eta Aitor Tatiegi Aretxabaletako Murualde elkartean arituko dira martxoaren 11an eta Urko Arregik, Azkoitiko Iraurgi elkartean kanatuko du martxoren 17an. Gipuzkoako eskolarteko bat-bateko txapelketan 15 eta 18 urte bitarteko 31 bertsolarik parte hartuko dute eta saio bakoitzeko lehengo sailkatuak eta  puntuaziorik altuena lortzen duten beste hirurek jokatuko dute finala. Hitzordua, Eibarren izango da apirilaren 17an. Oraingoz, oñatiar baten partaidetza segurua da.

  2014an  Maider Arregi oñatiarra izan zen Gipuzkoa eta Euskal Herriko eskolarteko txapelduna.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!