Gomiztegi baserriaren egunerokoa ikusgai "Ongi etorri baserrira" ekimenaren baitan

2019/06/19
Gipuzkoa eta Bizkaiko 40 baserritako ateak irekiko dira uztailaren 5ean eta 6an

  ENBA sindikatuak 2014an abiarazitako ekimena da Ongi etorri baserrira!. Aurten, seigarren aldiz errepikatuko da, uztailaren 5ean eta 6an. Hasieran Gipuzkoako baserritako ateak ireki ziren eta eskaintza Bizkaiko beste hainbatekin osatuz joan da. Aurten, guztira, 40 baserri bertatik bertara ezagutu ahal izango dira, 40 baserri, 40 familia eta beste horrenbeste nekazal ustialeku. Izan ere, egitasmoak, hainbat helburu ditu: landa-guneari balorea eman, barnealdeko zonaldeko turismoa sustatu eta herri gastronomia goratu. Baserritarrek kalitatezko produktuak sortzeaz gain, ingurumena eta paisaia zaintzen duten subjektu aktiboak direla ezagutzera eman eta gizarteratu nahi da.

  Gomiztegi baserriak egitasmo honetan parte hartuko du beste behin. Egitasmoaren beteranoetako bat da Gomiztegi, orain bost urte, ekimena martxan jarri zuten 8 baserrietako bat izan baitzen eta urtero bertako ateak bisitariei ireki baitizkie, bertatik bertara ezagutu dezaten. Uztailaren 5ean izango da Gomiztegi bisitatzeko aukera. Aurten ezagutu daitezkeen 40 baserrietako bakoitzak bere berezitasuna du, Gomiztegin, artaldea eta gazta ekoizpena dute baina eskaintzan, baserriko oilaskoak, haragitarako behiak, barazkiak, txakolina, erlezaintza edota sagarrak eta sagardoa ekoizten dutenak ere ezagutu daitezke.

  Ongi etorri baserrira! ate ireki jarduna doan izango da eta baserriaren arabera, uztailaren 5ean edo 6an egin ahal izango da. Zenbait kasutan gainera, bi baserri bisitatzeko aukera ematen da, bata bestearen segidan. Kasu guztietan, lehen bisita 11:00tan hasiko da eta 14:00tarako amaituko dira. Baserriak ezagutu nahi dituzten banakako, familia edo taldeek izena aurrez eman behar dute. Horretarako epea zabalik dago eta sei aukeretan taldea beteta dago jada. Bisitetan, produktu dastaketa edota ekintza osagarriak antolatuko dira. Izen-ematea internet bidez egin behar da: www.ongietorribaserrira.eus atarian sartuz.

Iturria: Oñati Irratia