Goiaz! Debagoieneko Lanbide Heziketaren Azoka asteazken eta ostegunean egingo da ikasle, guraso eta enpresei zuzenduta

2017/04/24
Hitzaldi, tailer eta aurkezpenak antolatu dira

  Arrasateko Kulturate Debagoienako lanbide heziketaren bilgune bihurtuko da berriro etzi eta etzidamu, asteazken eta ostegunean. Eskualdeko lanbide heziketako zentroen nahiz helduen eskola eta mankomunitatearen babeseko oinarrizko lanbide heziketa zentroaz gain, formakuntza zentro eta beste erakunde publiko eta pribatuen laneratze eta heziketa eskaintzak ezagutzeko aukera eskainiko da Goiaz! azokan. Erakusmahaiak, 9:30tatik 13:30tara eta asteazkenean arratsaldez ere bai, 16:00tik 19:00tara zabalik izango dira.

  Horren haritik, eta bereziki 15-19 urte bitarteko gazteen gurasoei zuzenduta, azokan barrena bisita gidatuak eta solasaldia antolatu dira asteazkenerako. Bisitak, 18:00tan euskaraz eta 18:30tan gazteleraz egingo dira eta Nik ere lanbide heziketa ikasi dut izeneko solasaldia berriz, 19:00tan. Ekintza honetan parte hartzeko aurrez izena ematea eskatzen da. Beste horrenbeste eskatzen zaie eskualdeko enpresei asteazken goizean egingo den jardunaldian parte hartu ahal izateko. Lanbide heziketa: enpresatik oso gertu izenburupean, Tknika eta Tkgune zerbitzuak eta lana eta ikasketak uztartzen dituen DUAL formakuntza ereduaren inguruko argibideak emango zaizkie enpresa ordezkariei. 9:00tan hasiko da jardunaldia. 11:00tan berriz, administrazio publikoan irteera profesionalak izeneko saioa egingo da. Eta asteazken arratsaldean, 16:00tan, Debagoieneko mankomunitateko orientazio zerbitzuak antolatu duen tailerra hasiko da. Azaldu eskaintzeko daukazun hori izeneko tailerrean parte hartzeko ere izena aurrez eman behar da. Izen ematea, kasu guztietan, mankomunitatera telefonoz deituz, 943.793090 zenbakira, edo mezua, airizar@debagoiena.eus helbidera bidaliz egin daiteke.

  Goiaz! Debagoienaeko lanbide heziketaren azokako eskaintza, ostegunean izango diren hitzaldi-aurkezpenez osatuko da. 9:00tatik aurrera, ekintzaileen esperientziak entzun ahal izango dira eta 11:00tan berriz, eskura dauden Debagoieneko programa, baliabide eta laguntzen aurkezpena egingo da. Ekintza guzti hauek Arrasateko Kulturaten egingo dira, lehen esan bezala, hilaren 26 eta 27an, asteazken eta ostegunean.

Iturria: Oñati Irratia