Gogorarazpen gutunak bidaliko zaizkie trakzio mekanikodun ibilgailuen gaineko zerga ordaindu ez dutenei

2018/04/12
580 ibilgailu jabe dira oraindik zerga ordaintzeke dutenak

  580 lagun horiei epea amaitzear dagoenaren gutun bana bidaliko zaie udal bulegoetatik. Ia bi aste falta dira oraindik, zirkulazio zerga moduan ezagutzen duguna ordaintzeko borondatezko epea bete dadin. Apirilaren 25a baita horretarako azken eguna. Baina jakinarazpenak garaiz iritsi daitezen orain bidaltzea erabaki da. Gaur-bihar bitartean eramango dira posta bulegora. Kontutan hartu, apirilaren 25a pasata zerga pagatzeko dutenei, zigor ekonomikoa aplikatuko zaiela.

  Oñatin ibilgailuen erroldan 7.650 ibilgailu daude une honetan, iaz baino 142 gehiago. Kopuru horretan, ohiko turismoz gain, kamioiak, autobusak, motorrak eta ziklomotoreak sartzen dira. Baita, zirkulazio zerga ordaintzetik kanpo geratzen diren nekazaritzako ibilgailu, erremolke txiki eta ezinduen jabetzapekoak diren ibilgailuak ere. Zerga ordaintzetik salbuetsita dauden ibilgailuak 877 dira aurten. Horien jabeek zerga agiria jaso dute baina ordaindu beharreko kopuruaren atalean 0 euro agertzen da. Trakzio mekanikodun ibilgailuen gaineko zerga ordaindu behar duten gehienek, ordainketa hori helbideratuta dute eta kasu honetan kargua ere egina dago pasa den martxotik. Halakoetan dena den, bueltatzen diren  erreziboak izaten dira. Horien titularrek, ordainketa helbideratuta ez dutenen antzera, udal bulegoetatik pasata ordaindu behar izan dute.

  Udalak, aurten  862 mila euroko sarrera izango du trakzio mekanikodun ibilgailuei aplikatu ohi zaien zerga kontzeptuan. Iaz baino 5mila euro gehiago.

Iturria: Oñati Irratia