Gogorarazpen gutunak bidali zaizkie trakzio mekanikodun ibilgailuen gaineko zerga ordaindu gabe dutenei

2019/04/15
Card image cap
628 ibilgailu jabe dira oraindik zerga ordaintzeke dutenak

  628 lagun horiei epea amaitzear dagoenaren gutun bana bidali zaie udal bulegoetatik. 10 egun falta dira oraindik, zirkulazio zerga moduan ezagutzen duguna ordaintzeko borondatezko epea bete dadin. Apirilaren 25a baita horretarako azken eguna. Baina tartean Aste Santuko jai egunak daude eta jakinarazpenak garaiz iritsi daitezen pasa den aste amaieran  bidaltzea erabaki da. Etxeetara, gaur-bihar bitarte iristea espero da. Kontuan izan, apirilaren 25a pasata zerga ordaintzeko dutenei, zigor ekonomikoa aplikatuko zaiela.

  Oñatin ibilgailuen erroldan 7.833 ibilgailu daude une honetan, iaz baino 183 gehiago. Kopuru horretan, ohiko turismoz gain, kamioiak, autobusak, motorrak eta ziklomotoreak sartzen dira. Baita, zirkulazio zerga ordaintzetik kanpo geratzen diren nekazaritzako ibilgailu, erremolke txiki eta ezinduen jabetzapekoak diren ibilgailuak ere.

  Trakzio mekanikodun ibilgailuen gaineko zerga ordaindu behar duten gehienek, ordainketa helbideratuta dute eta kasu honetan kargua ere egina dago pasa den martxotik. Halakoetan dena den, bueltatzen diren  erreziboak izaten dira. Horien titularrei, ordainketa helbideratuta ez dutenei bezala, ordaintzeko bide ezberdinak dituztela jakinarazten zaie bidali berri diren gutunetan: udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzutik pasa eta aurrez aurre edo orain makinen bidez; erakunde laguntzaile diren kutxa eta banketxetan, edota internet bidez. Azken kasu honetan ordainketa nola egin behar den xehetasunez agertzen da idatzian.

  Udalak, aurten  ia 862.000 euroko sarrera izango du trakzio mekanikodun ibilgailuei aplikatu ohi zaien zerga kontzeptuan, iazkoaren pare.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!