Gobernu Batzorde eta Osoko Bilkuretako aktak elebitan bidaltzeko eskaera ez dela zilegia erantzunez, Gobernu ordezkariordetzak bidalitako errekerimendua baztertu egin du udalak.

2014/07/02
Legeak agintzen duena beteaz, udalak Gobernu Batzorde eta Plenoetako aktak Gobernuaren Gipuzkoako Ordezkariordetzara bidali ohi ditu. Udal barruko funtzionamendua euskara hutsean izaki, bilera agiriak ere hala egiten dira.

  Baina gobernu ordezkariordetzatik, elebitan bidaltzeko errekerimendua egin zen pasa den maiatza amaieran, horretarako Auzitegi Konstituzional eta Bilboko auzitegiaren hainbat epai aipatzen zirelarik.

  Udalak, bere aldetik, ez du gobernu ordezkariordetzaren eskaera aintzakotzat hartu legeak, euskara hutsean funtzionatzea babesten duela argudiatuz eta eskatutako itzulpen lan horretarako giza baliabiderik ez duela erantsiz.

  Udalaren argumentazioa, besteak beste, Konstituzioa, Gernikako Estatutua edota administrazio publikoetako erregimen juridikoa arautzen duten lege eta artikulu ezberdinetan oinarritzen da.

  Artikulu horietako batek dio, tokiko erakundeetako administrazioek autonomia-legedian ezarritakoari lotuko zaizkieka hizkuntzaren erabileran. Hala, Gernikako estatutuak garbi azaltzen du Euskadin, euskara hizkuntza ofiziala dela, gaztelania den bezala. Eta bertako biztanle guztiek dutela bi hizkuntzok jakiteko eta erabiltzeko eskubidea.

  Oñatin, biztanleriaren ia % 89ak euskara dakien arren, herritarren hizkuntza eskubideak bermatzen direla eta hala eskatzen dutenei euskaraz hartutako erabakiak gaztelaniara itzultzen zaizkiela argitzen da gobernu ordezkaritzara bidalitako idatzian. Are gehiago, herritar orori zuzendutako erabakiak, ordenantzak, bando edo diru laguntza oinarriak, elebitan argitaratzen direla zehazten da.

  Itzulpen lanak udaleko euskara teknikariak egiten dituela ere argitzen da baina Oñatiko udalean euskara teknikari bakarra dagoela zehaztuz.

  Horrezaz gain, eta Euskal autonomia Erkidegoan euskara eta gaztelania hizkuntza koofizialak direla jakinda, Gobernuaren ordezkaritzak berak izan beharko luke itzulpen zerbitzu propioa, herritarren hizkuntza eskubideak errespetatzea ere berari badagokiolako.

  Azalpen guzti horiek emanda, udalak ez du onartu gobernu ordezkariordetzak egindako errekerimendua, esan bezala, eskatutakoa ez dela zilegi gaineratuaz.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!