Gizon eta emakumeen arteko aukera berdintasunaren alde diharduten elkarteek udalaren diru laguntza eskatu dezakete

2018/03/27
Eskaerak aurkezteko epea apirilaren 26an amaituko da

  Diru laguntza deialdi honen xedea, emakume eta gizonen arteko berdintasuna eta emakumeen ahalduntzea lortzea helburu duten programak eta jarduerak sustatu eta garatzea da. Programa eta jarduera horiek ezin dute irabazteko asmorik izan eta Oñatin garatu beharko dira udalaren diru laguntzaz babestu daitezen.

  Udalak, 2013an eman zituen lehen aldiz gizon eta emakumeen arteko aukera berdintasunaren eremuan lan egiten duten elkarteei zuzendutako diru laguntza hauek. Diru laguntzak arautzeko ordenantza 2013ko martxoko Osoko Bilkuran onartu baitzen. 2016ko ekainean, eskaerak aurkeztu eta gastuak justifikatzeko epeari buruzko aldaketak onartu ziren eta ondorioz, urteroko deialdian jarritako epe barruan justifikatu behar dira gastuak. Ordura arte, gastuak, jarduera edo  proiektua amaitu ondoren justifikatu behar ziren. Aurtengoak, abenduaren 1erako zuritu edo justifikatu beharko dira.

  Oñatin egoitza soziala duten pertsona juridikoek eskatu ditzakete udalaren diru laguntza hauek.  Udalak, 4070 euroko partida bideratu du laguntza hauetarako.

Iturria: Oñati Irratia