Gizon eta emakumeen arteko aukera berdintasuna sustatzeko udal dirulaguntzak eskatu daitezke

2021/02/17
Epea martxoaren 31n amaituko da

  Dirulaguntza hauetarako deialdia atzo argitaratu zen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, eskaerak egiteko epea irekiz. Udal dirulaguntza hauen xedea da emakume eta gizonen arteko berdintasuna eta emakumeen ahalduntzea lortzea helburu duten programak eta jarduerak sustatu eta garatzea. Programa eta jarduera horiek ezin dute irabazteko asmorik izan eta Oñatin garatu beharko dira, udalaren dirulaguntzaz babestu daitezen.

  Deialdi honen baitan jasotzen diren eskaerak baloratzeko irizpideak 2019an berritu ziren. Aurkeztutako proiektua testuinguruan jartzea, ekintzaren eragina eta balizko emaitzak neurtzea, proiektuaren kalitate teknikoa, elkartearen baliabide propioak eta boluntarioak jartzea, emakumeen partaidetza sustatzeko estrategiak diseinatu eta garatzea eta taldean edo sarean egiten diren proiektu eta prozesuak  izatea baloratuko dira. Gehienez lortu daitezkeen 100 puntutik erdiak eskuratu beharko ditu proiektuak udal dirulaguntza eskuratzeko.

  Oñatin egoitza soziala duten pertsona juridikoek eskatu ditzakete gizon eta emakumeen arteko aukera berdintasuna sustatzeko udalaren dirulaguntzak.  4.070 euroko partida bideratu du martxoaren 31ra arte eskatu daitezkeen laguntza hauetara.

  Iaz eskaera bakarra jaso zen, IMME, Euskadiko Emakume Musulmanen Integrazio elkartearena. Emakume migratuen egoeraren diagnostikoa osatzeko dirulaguntza eman zitzaion, Oñatira beste herrialde batzuetatik bizitzera etorrikako emakumeen egoera sozial eta ekonomikoa, espektatibak eta beharrak ezagutzeko.

Iturria: Oñati Irratia