Gizarteratze eta laneratze prozesuetatik datozen pertsonak kontratatzen dituzten enpresek dirulaguntza eskatu dezakete jada

2019/12/10
Udala, Ulma Fundazioa eta Bidebarri zentroaren lankidetza hitzarmenaren baitan kokatzen dira dirulaguntza hauek

  Urrian berritu zuten Laneratuz hitzarmena Udalak, Bidebarrik eta Ulma Fundazioak, gizarteratzeko eta laneratzeko zailtasunak dituzten pertsonen laneratzea sustatzeko helburuz.  20.000 euroko diru funtsa sortu dute bigarren urtez Ulma Fundazioak eta Udalak, dirulaguntzetara bideratzeko. Atzo argitaratu zen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean 2019ko deialdia baina dirulaguntza hauek 2019ko  uztailaren 1etik 2020ko ekainaren 30a bitartean egiten diren kontratuetarako eskatu eta eskuratu daitezke.

  Gizarteratze eta laneratze prozesuetatik datozen pertsonak kontratatzeko dirulaguntza hauen eskatzaileak egoitza soziala eta jarduna Oñatin duten eta 50 langile baino gutxiagoko enpresak izango dira. Kontratatzen den langilea berriz, gizarteratze eta laneratze prozesuan edo prozesu hori amaitu berritan egon beharko da eta gutxienez 6 hilabeterako kontratua egin beharko zaio lanaldi osorako, edo, gutxienez, lanaldi erdirako. Kontratatzen den pertsonak Oñatin erroldatuta egon behar du, kontratua egin baino 6 hilabete lehenagotik.

  Enpresak jasoko duen dirulaguntza 3.000 eurokoa izango da, lanaldi osoko eta sei hilabete edo luzeagoko lan kontratu bakoitzeko. Laguntza gainera % 30 handituko da baldin eta kontratatzen den pertsonak 55 urte edo gehiago baditu edo kontratua mugagabea baldin bada edo behin behineko kontratuaren hasiera datatik 12 hilabeteko epean iraupen mugagabeko bihurtzen bada. Enpresa batek, egindako kontratuengatik jaso dezaken dirulaguntza mugatu egin da baldintzetan, eta gehienez, 6.000 euro jaso ahal izango du deialdi bakoitzean.

  Dirulaguntza hauen helburua Oñatin gizarte bazterkeria arriskuan edo desabantaila egoeran dauden eta lan merkatu arruntean sartzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonei gizartean eta lan munduan txertatzen laguntzea da. Iaz eskaini ziren lehen aldiz Laneratuz hitzarmenaren babeseko dirulaguntza hauek baina ez zen eskaerarik izan.

  Udalak kudeatzen dituen dirulaguntza hauekiko interesa duten enpresek, informazioa, Sozioekonomia departamentuan eskuratuko dezakete, 943 003 198 telefono zenbakian.

Iturria: Oñati Irratia