Gizarteratze eta laneratze prozesuetatik datozen pertsonak kontratatzen dituzten enpresek diru laguntza eskatu dezakete

2018/11/27
Udala, Ulma Fundazioa eta Bidebarri enplegu zentroren lankidetzarako hitzarmenaren baitan kokatzen dira laguntza hauek

  Uztaileko Osoko Bilkuran erabaki zen lankidetza hitzarmen hori sinatzea. Ondorioz, 20.000€ko diru funtsa sortu zen, 2018 eta 2019an diru laguntza gisa banatzeko. Diru funts hori Ulma Fundazioak eta Udalak osatuko dute, bakoitzak 10.000na euro jarriz. Dagoeneko argitaratu den 2018ko deialdian 10.000 € banatzea aurre ikusten da, eta beste horrenbeste 2019koan. Diru laguntza hauek eskatu eta eskuratzeko epealdia 2019ko azaroaren 30era arte luzatuko da 2018ko deialdian.

  Gizarteratze eta laneratze prozesuetatik datozen pertsona kontratatzeko diru laguntza hauen eskatzaileak egoitza soziala eta jarduna Oñatin duten eta 50 langile baino gutxiagoko enpresa txiki edo mikroenpresak izango dira. Laguntzak 2018ko uztailaren 1etik 2019ko ekainaren 30era arte egiten dituzten kontratuetarako eskatu daitezke. Beti ere, kontratatzen den pertsona gizarteratze eta laneratze prozesuan edo prozesu hori amaitu berritan badago eta gutxienez 6 hilabeterako kontratua egiten bazaio lanaldi osorako, edo partzialak izaki, gutxienez lanaldi erdirako. Kontratatzen den pertsonak Oñatin erroldatuta egon behar du, gutxienez kontratua egin baino 6 hilabete lehenagotik.

  Enpresak jasoko duen diru laguntza 3000 eurokoa izango da, lanaldi osoko eta sei hilabete edo luzeagoko lan kontratu bakoitzeko. Laguntza gainera % 30 handituko da baldin eta kontratatzen den pertsonak 55 urte edo gehiago baditu edo kontratua mugagabea baldin bada edo behin behineko kontratuaren hasiera datatik 12 hilabeteko epean iraupen mugagabeko bihurtzen bada. Enpresa batek, egindako kontratuengatik jaso dezaken diru laguntza mugatu egin da baldintzetan, eta gehienez, 6000 euro jaso ahal izango du deialdi bakoitzean.

  Diru laguntza hauen helburua Oñatin gizarte bazterkeria arriskuan edo desabantaila egoeran dauden eta lan merkatu arruntean sartzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonei gizartean eta lan munduan txertatzen laguntzea da.

  Udalak ematen dituen diru laguntza hauekiko interesa duten enpresek, informazioa, Sozioekonomia departamentuan eskuratuko dezakete, 943. 003198 telefono zenbakian.

Iturria: Oñati Irratia

"Laneratuz" hitzarmena sinatu ondoren