Gizarteratze eta laneratze prozesuan dauden pertsonak lan merkatuan txertatzeko lankidetza hitzarmena sinatuko dute Ulma taldeak, Bidebarrik eta udalak

2018/07/18
20.000€ko diru funtsa sortuko da 2018 eta 2019an diru laguntzetarako

  Uztaileko Osoko Bilkurara eramango den lankidetza hitzarmen honek bi ardatz nagusi ditu: batetik, Bidebarri enpresan laneratze prozesua amaitzen duten pertsonak aldi baterako kontratatzeko konpromisoa hartzen du Ulma taldeak eta bestetik, 50 langile baino gutxiago dituzten Oñatiko enpresei zuzendutako diru laguntza lerro berria sortuko da, laneratze prozesua amaitzen duten pertsonak aldi baterako kontratatu ditzaten. Diru laguntza horien euskarri izango den funtsa Ulma Fundazioak eta udalak osatuko dute, bakoitzak 10.000na euro jarriko baititu, 2018 eta 2019an laguntzak emateko.

  Gizarteratze eta laneratze prozesua betetzen duten pertsonak egoera sozio-ekonomiko berezian daude, gizarte zerbitzuek propio osatzen duten txostenaren arabera gizarte bazterketa arriskuan dauden pertsonak dira edota RGIa deritzona jasotzen dutenak. Hauek, Bidebarri enpresaren bidez eta lana eta formakuntza tartekatuz, laneratze bidean jartzen dira. Bidebarri enpresan osatzen duten prozesu hau, gehienez hiru urtez luzatu daiteke. Sinatzear dagoen lankidetza hitzarmenaren harira, laneratze horri jarraipena eman nahi zaio, pertsona hauek kontratatzen dituzten herriko enpresa txikiei diru laguntzak emanez. 50 langile baino gutxiago dituzten enpresek jaso ahal izango dute aipatu diru laguntza. Ulma taldeak bere aldetik, eta beti ere ahal duen neurrian, Bidebarri enplegu zentruan laneratze prozesua amaitu duten pertsonak kontratatzeko konpromisoa hartzen du.

  ULMAk, Bidebarrik eta udalak adostu duten lankidetza hitzarmen honen babesean sortuko den diru laguntza berria enplegu planaren esparruan kokatzen da eta alde horretatik, Lanbidek baimentzearen zain daude. Bitartean gaia Tokiko Gobernu Batzarrean onartu da eta datorren astean egingo den Osoko Bilkuran aurkeztuko da, udalbatzak argi berdea eman diezaion.

Iturria: Oñati Irratia