Gizarteratze eta laneratze prozesuan dauden pertsonak lan merkatuan txertatzeko lankidetza hitzarmena luzatzea proposatuko du Udalak

2019/07/17
Hitzarmena Ulma taldea eta Bidebarrirekin egin zen iaz

  2018ko uztaileko Osoko Bilkuran erabaki zen lankidetza hitzarmen hau sinatzea. Ondorioz, 20.000€ko diru funtsa sortu zen, 2018 eta 2019an dirulaguntza gisa banatzeko. Diru funts hori Ulma Fundazioak eta Udalak osatu zuten, bakoitzak 10.000 euro jarriz. Dirua, laguntza bidez, gizarteratze eta laneratze prozesuetatik datozen pertsonak kontratatzen dituzten herriko enpresa txikiei zuzendu zen. 2018an zehar ez zen halako eskaerarik jaso eta ondorioz, jarritako dirua itzuli egingo zaio Ulma Fundazioari.

  Baina programari jarraipena eman nahi dio Udalak, eta iaz sinatu zen eduki berdinekin lankidetza hitzarmena beste urte baterako berritzea proposatuko zaie beste bi aldeei, Ulma taldeari eta Bidebarri enplegu zentruari. 

  Ulma Fundazioak, Bidebarri enpresak eta Udalak adostutako lankidetza hitzarmenak bi atal ditu: batetik, esan bezala, gizarteratze eta laneratze prozesua osatu duten pertsonak kontratatzen dituzten herriko enpresa txikiei dirulaguntzak ematea eta bestetik, ULMA taldeak hartzen duen konpromisoa, ahal den neurrian, Bidebarri enplegu zentruan laneratze prozesua amaitu duten pertsonak kontratatzeko. Egoera horretan dauden lau pertsona laneratu dira Ulma taldean 2018an zehar.

  Udal ordezkariek Bidebarriko arduradunekin berba egin dute eta lankidetza hitzarmenarekin jarraitzeko prest daudela jakinarazi diete. Baina dirua jarri eta laneratze prozesuan jarrera aktiboa duen Ulma Fundazioaren iritzia falta da oraindik. Udal ordezkariak Ulmakoekin batzartzekoak dira.

  Gizarteratze eta laneratze prozesuan dauden pertsonak lan merkatuan txertatzeko lankidetza hitzarmenaren helburua Oñatin gizarte bazterkeria arriskuan edo desabantaila egoeran dauden eta lan merkatu arruntean sartzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonei gizartean eta lan munduan txertatzen laguntzea da.

Iturria: Oñati Irratia

Lankidetza hitzarmenaren sinatzea, iaz