Gizarte zerbitzuen arloan diharduten elkarteei zuzenduta 20.000 euro banatuko dira udal dirulaguntzetan

2020/06/04
Eskaerak egiteko epea uztailaren 21ean amaituko da

  Udalaren dirulaguntza jaso ahal izateko, elkarteek, Oñatin nahiz eskualdean lan egiten duten irabazi asmorik gabeko talde direla egiaztatu behar dute. Eta Gipuzkoa mailan lan egiten dutenek berriz, Oñatitik jasotzen dituzten zerbitzu eskaerei erantzuten dietela. Gizarte zerbitzuen departamentuak bi jarduera mota babesten ditu dirulaguntza hauen bitartez: herrian garatzen diren ekintza konkretuak batetik: hitzaldiak, zabalkundeko kanpainak, formazio ikastaroak, aisialdi programak eta antzerako ekintzak; eta erakundeko mantentze gastuen ordainketa, bestetik.

  Dirulaguntza hauen bidez herriko sei elkarteren eskaerak babestu ziren iaz, herrian lan egiten duten Gipuzkoa mailako beste batzuekin batera. Udalaren diru laguntza jaso zuten Oñatiko taldeak: Atzegi, Gipuzkoako adimen urritasuna duten pertsonen aldeko elkartea; Elkarzabal integrazio taldea; Emaloña, Oñatiko alargunen elkartea; Askatasun gabekoen parrokiako pastoraltza taldea; Trauti elkartea eta Hospitalidad de Lourdes taldea izan ziren.

  Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean atzo argitaratu zen dirulaguntza hauen deialdi iragarkia. Eskaerak aurkezteko 30 eguneko epea finkatu da, uztailaren 21era arte.

  Dirulaguntzez ari garelarik, konfinamendu garaian eskaera epea indarrean zuten dirulaguntzen amaiera epeak zehazten ari dira udal departamentu ezberdinak. Gizon eta emakumeen arteko aukera berdintasuna sustatzeko udal dirulaguntzak ekainaren 8ra arte eskatu daitezke eta kirol arloko jarduerak antolatzekoak berriz, ekainaren 24ra arte. Dirulaguntza hauek eskatzeko amaiera-epe edo eguna aldatu da baina baldintzak aurrez iragarritakoak dira.

Iturria: Oñati Irratia