Gizarte zerbitzuen arloan diharduten elkarteei zuzenduta 19.500 euro banatuko ditu Udalak diru laguntzetan

2018/04/15
Eskaerak egiteko epea maiatzaren 14an amaitzen da

  Udalaren diru-laguntza jaso ahal izateko, elkarteek, Oñatin nahiz eskualdean lan egiten duten irabazi asmorik gabeko talde direla egiaztatu behar dute. Eta herrialde mailan, Gipuzkoa mailan, lan egiten dutenek berriz, Oñatitik jasotzen dituzten zerbitzu eskaerei erantzuten dietela. Gizarte zerbitzuen departamentuak bi jarduera mota babesten ditu diru-laguntza hauen bitartez: herrian garatzen diren ekintza konkretuak batetik: hitzaldiak, zabalkundeko kanpainak, formazio ikastaroak, aisialdi programak eta antzerako ekintzak; eta erakundeko mantentze gastuen ordainketa, bestetik.

  Diru laguntza hauetarako herriko bederatzi elkarteren eskaerak jaso ziren iaz, herrian lan egiten duten Gipuzkoa mailako beste batzuekin batera. Udalaren diru laguntza jaso zuten Oñatiko taldeak: Atzegi, Gipuzkoako adimen urritasuna duten pertsonen aldeko elkarteko Oñatiko Txolartea; Elkarzabal integrazio taldea; Emaloña, Oñatiko alargunen elkartea; Nagusilan-Pake Leku, adin nagusikoen giza boluntariotza; Espetxe Pastoraltza taldea; Trauti elkartea; Behar Zana elkartea; Acesma - Gipuzkoako Elikagai Bankua eta Hospitalidad de Lourdes taldea izan ziren.

  Ostiralean argitaratu da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean diru laguntza hauen deialdi iragarkia. Eskaerak aurkezteko 30 eguneko epea dago, hau da, maiatzaren 14ra arte.

Iturria: Oñati Irratia

Elkarzabal taldeak udalaren diru laguntza jaso zuen iaz