Gipuzkoan desagertutzat jotzen zen asun espezie bat aurkitu dute Aitzulon

2017/02/10
Orain 150 urte kostaldean topatu zen baina ez zegoen halakoren beste berririk

  Asun mintzakara (Urtica menbranacea) du izena Aitzulon aurkitu duten espezieak. Gipuzkoan duela 150 bat urte botanikari alemaniar batek jaso zuen kostaldean, baina ordutik ez da berriro ikusi. Urtarrilaren 29an Arabako Natur Institutua, Sestaoko Natur Zientzien elkartea eta Oñatiko Naturzaliak taldeetako kideek Xabier de Arizaga herbario digitala bultzatzeko asmoz urteko topaketa egin zuten Oñatin, Araotz inguruan, eta hantxe egin zuten aurkikuntza.

  Asun mintzakara hau berez asun mediterraniarra da eta bereziki kostaldean agertzen da. Bizkaian ezagutzen da, eta barrualdean azaltzen denean haitzuloen sarreretan izaten direla diote adituek. Oñatin ere halaxe aurkitu zuten, Aitzulo inguruan. Asun hau urteko landarea ei da, urte baten ziklo osoa egiten duena. Aitzulon topatu zena irten berri ei zegoen baina laster loratuko dela azaldu dute adituek. Landarean bere garapen naturala jarraituko du baina Gipuzkoan, Oñatin, 2017an topatu dela jasota geratuko da Xabier de Arizaga herbario digitalean. Garrantzitsua, azken 150 urteetan esan bezala, halakorik zegoenaren aipurik ez baitzen egin herrialde osoan. 

Iturria: Oñati Irratia

Asun mintzakara (Arg: Javier Elorza)