Gipuzkoako Urak enpresak San Lorentzo auzoko ur hornidura sarea hobetzeko lanak egingo ditu.

2012/11/14
Helburua, auzoaren goialdeko etxeek duten ur presio arazoa konpontzea da.

  San Lorentzo auzoko goialdeko blokeek aspalditik dute ur presio arazoa. Ura indarrik gabe iristen da eta horrek, iturrian ur gutxi izatea edota galdara martxan ezin jarri izana sortzen du besteak beste.

  Presio arazo hori hein handi batetan, auzoak berak duen desnibelak eragiten du. Ura nahikoa indarrez auzoaren goialdera iritsi zedin ponpaketa sistema bat jarri zen Larraña institutuaren inguruan. Ur ponpagailu edo bonba horiek martxan jarri aurretik dena den, hoditeria aldatzea ezinbestekoa da, presio gehiago sartuta, egun dagoen zuntz zementuzko hoditeria lehertzeko arriskua baitago.

  Gipuzkoako Urak enpresak gaia aztertu du eta San Lorentzoko ur hornidura sarea berritzeko lanak faseka egitea erabaki du.

  Lehenengo fasean, San Lorentzoko 25etik 67ra zenbakidun etxeei dagokien zatia konponduko da, alegia, auzoa erditik mozten duen errepidetik gora dauden etxe bloke guztiei dagokiena. Inguru hori urez hornitzen duten hodiak aldatuko dira ur ponpagailuek eragindako presioa jasan dezaten.

  San Lorentzoko goialdeko etxeak urez hornitzen dituzten hodiak aldatzeko lanen proiektua onartu berri du udalak eta obra bera, 2-3 aste barru hastea espero da.

  Orain pare bat urte edo, antzerako lanak egin ziren auzoaren behealdean. Orduan, ur hornidura hodiak San Lorentzoko ermita pareraino aldatu ziren. Lanak osatzeko beraz, ermitatik gora, auzoa erdibitzen duen errepide parerainoko hodiak aldatzea faltako da. Hori, hurrengo fase batean egingo du Gipuzkoako urak enpresak. Lan hauen helburua, esan bezala, San Lorentzo auzoko goialdeko etxeek historikoki izan duten ur presio falta konpontzea da. 

Iturria: Oñati irratia