Gipuzkoako Urak enpresa hainbat hobekuntza lan egiten ari da herrian

2018/01/16
Card image cap
Ur hornidurako hoditeria aldatzen hasi da Olakua auzoan eta ondoren, lan berbera egingo du Bakardadeko Ama kalean

  Berez, hiru lan eremutan arituko dira Gipuzkoako Urak enpresako langileak datozen asteetan: Zubillagan, abere hiltegi inguruan; Olakuan, urmaelaren alboko auzuneko errepidean; eta Bakardadeko Ama kalean, Maibi denda paretik Txaketueneko bidegurutzeraino. Eta hiru gune horietan egin beharrekoak berdintsuak dira, ur hornidurako hodi zaharrak kendu eta berriez ordezkatzea.

  Zubillagako lanak dagoeneko egin dira. Aldatu beharreko hoditeria zatia motzena zen eta inguruko bizilagun edo erabiltzaileentzat ere inpaktu txikieneko lanak ziren. Horiek, Gabonen aurretik egin zituen Gipuzkoako Urak. Atzo berriz, Olakua auzora etorri ziren eta lan gunea hesitu zuten. Olakua erdialdeko aisialdi gunearen eskumako errepide inguruan hasi eta Natur eskolarainoko tartean aldatuko da ur edangarriaren hoditeria. Fibrozementuzko hodi zaharrak kendu eta burdin urtuzkoak jarriko dira. Ondoren, Bakardadeko Ama kalean ere egungo hodiak burdin urtuzko fundizioko hodiez ordezkatuko dira. Lan hauek konplexuagoak izango dira errepidea moztu eta trafikoa desbideratzea eskatuko dutelako. Bakardadeko Ama kalea zulatu behar dela aprobetxatuko du udalak, argiteria hodi berriak sartu eta kaleko argi puntuak aldatzeko. Amaieran, gainera, Sabadell-Guipuzcoano banketxe atzealdeko espaloia zabalduko da Portu kaletik datorrenari jarraipena emanez.

  Gipuzkoako Urak enpresak proiektu bakarrean bildu ditu ur hornidura hoditeria berritzeko aipatu hiru guneetan egingo dituen lanak. Egitasmoa osatzeko 14 asteko epea zehaztu du.

  Bestelako lanak egiten ari dira saihesbidetik herri gunera, hilerri azpian dagoen sarbidearen inguruan, Naturgas enpresa ari da han lanean. Gas hornidurarako hoditeria nagusian balbula batzuk aldatzen ari dira, egun dagoen presio arazoa konpontzeko.  

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!