Oñatiko udala

Gipuzkoako Ur Kontsortzioak, San Lorentzoko ur hornidura eta saneamendu sarea berritzen dihardu

2015/09/07
Card image cap
Fibrozementuzko hoditeria aldatzeko egitasmoaren bigarren faseko lanak dira

  Fibrozementuzko hoditeriak uraren presioa handitzea eragozten du eta San Lorentzo auzoko goialdeko etxeek betidanik izan duten arazoa da ur presio faltarena.

  San Lorentzoko ur hornidura eta saneamendu sarea berritzeko egitasmoaren bigarren fase honetan San Lorentzo 1 eta 23 zenbakidun bebarruek osatzen duten triangelu barruan eta GI-2630 errepideari jarraituz dagoen aparkaleku eta espaloian lan egingo da nagusiki. Inguru honetan, ur hornidura sarea aldatu eta fibrozementuzko hodien ordez burdinurtuzkoak jartzen ari dira.

  Era berean oso hondatuta dagoen saneamendu sare zatia berrituko da San Lorentzo 1 eta 14 bebarruen artean. Tarte horretan saneamendu sarea berritu eta hondakin urak eta euri urak biltzeko hoditeriak berezituko dira.
Errepide nagusiaren ondoko aparkaleku azpitik doan hornidura hoditeria ordezkatuko duen sare berria espaloi azpitik bideratuko da, egungo sare osagarriaren alboan. Sare osagarri hau ere, berrituko da. Bide batez, GI-2630 errepidea zeharkatzen duten fibrozementuzko hodiak bi gunetan aldatuko dira eta azkenik, Eltzia eraikina hornitzen duen hodia ere aldatuko da.

  Ur hornidura eta saneamendu sarea berritzeko lan garrantzitsuak dira Gipuzkoako Ur Kontsortzioak San Lorentzo auzoan martxan dituenak. Abuztuan abiatu ziren eta urte akaberarako amaitzea espero da. Lan hauek, San Lorentzoko 7. area deritzonean egingo diren irisgarritasun lanekin bat datoz. Aipagarria da gainera, enpresa berberak lortu dituela bi kontratuok: Otegi-Gaztañaga enpresak alegia. Biak aldi berean egiten ari dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!