Gipuzkoako txapelketako sei finalista Errege egunaren bezperako bertso saioan

2019/12/11
Card image cap
Jon Maiak eta Oihana Iguaranek ezin dute Oñatira etorri

  Txinparta bertso eskolakoen asmoa Donostiako finaleko zortzikoa Oñatira ekartzea zen baina ezinezkoa gertatu zaie. Tolosako azken finalaurrekoa amaitu bezain pronto hasi ziren Oñatira gonbidatzen larunbatean Ilunben kantatuko duten zortzi bertsolariak. Bik ordea, ezin etorria adierazi zieten: Jon Maiak eta Oihana Iguaranek; biek beste hitzordu bat hartua zuten Bizkaian urtarrilaren 5erako. Bi baja horiekin, beste sei finalistek osatuko dute Errege egunaren bezperako bertso saioaren kartela: Beñat Gaztelumendik, Agin Laburuk, Alaia Martinek, Ane Labakak, Beñat Lizasok eta Nerea Elustondok.

  Donostiako finalaren antzera Oñatiko saioa ere parekidea izango da eta hiruna gizon eta emakumek parte hartuko dute. Gainera, Gipuzkoako finalean estreinakoz parte hartuko duten hiru lagunak, Elustondo, Labaka eta Lizaso, Zubikoako pilotalekuan izango dira.

  Gabonetako bertso saioa urtarrilaren 5ean izango da, ohikoa denez, Zubikoa pilotalekuan, 22:30tan hasita. Sarrerak, datorren astean jarriko dira salgai.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!