Gipuzkoako Foru Aldundiak zuzendutako Bizikidetza Lantzen programan parte hartuko du Oñatiko Udalak

2016/01/26
Card image cap

Gipuzkoako Foru Aldundiak legealdi honetan bizikidetza arloan duen programa eta lan ildoak aurkeztu zizkien atzo lurraldeko udalerri ezberdinetako alkateei. Helburua bake, bizikidetza eta giza eskubideen arloko udal politiken sustapena da.

Olanok gogoratu duenez, foru erakundeak hamarkada luzea darama udalekin elkarlanean bizikidetzaren arloan, eta zuzentzen duen Gobernuak lankidetza horretan “sakondu” nahi duela azaldu zuen. Hori dela eta, Foru Aldundiaren lan ildoek udalerriekin elkarlana indartu nahi dutela esan zuen, eta hauekin “aliatu” nahi dutela bizikidetza arloan.

Bilera berean, foru Gobernuko ordezkariek pasa den azaroaren 26an Foru Aldundian burutu ziren Bizikidetza Lantzen jardunaldien ondorioak partekatu zituzten udal ordezkariekin. Ekimen honetan 30 herri desberdinetako eta kolore politiko ezberdinetako alkate eta udal ordezkarik hartu zuten parte, eta foru Gobernuak eta udalek, Gipuzkoan bizikidetzaren esparruan martxan dauden proiektu ezberdinen berri jasotzeko balio izan zuen.

Laburbilduz, arlo honetan “lehentasunezko” sei lan ildo identifikatu ditu Aldundiak: udalbatzan elkarrizketa eta akordioa sustatzea; bizikidetza pluraleko foro eta esperientziak bultzatzea; giza eskubideen esparruan heziketa xede duten ekimenak sustatzea; udaletxetatik biktimei eskaintzen zaion laguntza indartzea; udal esparruan memoria politikak garatzea eta presoen bergizarteratze prozesuei ekarpenak egitea.

Oinarri hauen gainean, eta lurraldeko udalerrietan bizi diren errealitate ezberdinak kontutan hartuz, Foru Aldundiak hiru lankidetza lerro proposatu dizkie udalerriei: Diru-laguntza deialdiak, lankidetza hitzarmenak eta Foru parte-hartzea udalerrian.

2016 urterako guztira 300.000 eurotako aurrekontua bideratuko da proiektu honetara eta Oñatiko Udalak programa honetan parte hartuko badu ere, zer lankidetza lerro erabiliko duen eta proiektua nola landu nahi duten datozen asteetan erabakiko dutela jakinarazi dute. Bizikidetza eta Giza Eskubideen foru zuzendariak, Maribel Vaquerok, aste honetan ekingo dio lurraldeko udalerriak bisitatzeari.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!