Gipuzkoako Foru Aldundiak kultura bonuak sustatuko ditu aurten ere

2016/11/04
Helburua, herritarrak kultura produktuak kontsumitzera animatzea da

  Foru Aldundiak 143.000 euroko aurrekontua onartu zuen kultura bonuen egitasmoa gauzatu ahal izateko. Kultura bonuekin kultura artikuluei aplikatzen zaien BEZa konpentsatu nahi dela adierazi zuen Kultura eta Kirol Diputatu Denis Itxasok ekimenaren aurkezpenean. Herritarrak kultura kontsumitzera animatu nahi dira, BEZaren igoeraren ondorioak pairatzen dituzten liburu edo disko-denda eta antzokientzat pizgarri izan daitezen.

  Kultura produktuak eta ikuskizunetarako sarrerak erosteko bonuak berezituko dira. Liburu eta ikus-entzunezkoak erosteko 7.000 bonu kaleratuko dira. Herritarrek 20 eurotan eskuratuko dituzte baina 30 euroko ordain-balioa izango dute. Ikuskizun eta emanaldietara joateko berriz, 7.500  bonu  eskainiko dira. Hauek 15 euro balioko dute baina 25 euroko balioarekin erabiliko dira ikuskizunetarako sarrerak erostean.

  Bonuak eskuratzeko kanpaina abenduaren 3an hasiko da. Bitartean, ekimenera atxikitu nahi duten komertzio eta enpresen zerrenda osatu behar da eta bono txartelak, fisikoki, egin behar dira. Kanpaina parte hartu nahi duten establezimenduek azaroaren 11 baino lehen egin behar dute atxikipen eskaera. Iaz, Oñatiko hiru liburu-dendek parte hartu zuten.

  Kultura bonoak ez dira berriak gurean.  2009tik 2012ra Eusko Jaurlaritzak halako eskaintza egin zuen kultura sektorea sustatzeko asmoz. 2013an berriz, Jaurlaritzak halakoak eskaintzeari utzi zionean Bizkaiko Foru Aldundiak hartu zuen lekukoa baina eskaintza Bizkaira mugatuz. Eta iaz jada, Gipuzkoan ere eskaini ziren Gabonei begira. Izan ere, produktuetarako bonuak  urtarrilaren 15a bitartean erabili, hau da, gastatu ahal izango baitira. Ikuskizunetarakoak berriz, apirilaren 14ra arte erabilgarri izango dira.

Iturria: Oñati Irratia