Gipuzkoako bertsolari txapelketarako txartela eskuratu du Maider Arregik

2019/05/27
A multzoko bertsolarien artean puntuaziorik altuena zuen bere kanporaketa irabazita

  Berezitasun hori izan baitu larunbatean amaitu zen Gipuzkoa bertsotan sailkapen faseak, bertsolariak A eta B multzotan banatzea, alegia. Eta puntuazioaren arabera, multzo bakoitzeko lehen 17ak dira udazkenean jokatuko den Gipuzkoako bertsolari txapelketarako txartela lortu dutenak, tartean, Maider Arregi oñatiarrak, A multzoan puntuaziorik altuena eskuratuta.

  Txinparta bertso eskolako 5 ordezkarik parte hartu dute maiatzaren 4an hasi zen Gipuzkoa bertsotan sailkapen fasean: Aitor Tatiegik, Urko Egañak, Gontzal Belategik, Maider Arregik eta Urko Arregik. Guztira 84 bertsolari aritu da Gipuzkoa bertsotan fasean, baina 34k bakarrik eskuratu dute udazkenean jokatuko den Gipuzkoako Txapelketarako txartela.

  2015eko txapelketan aritzeko sailkapena ere lortu zuen Maider Arregik. Lehen parte hartzea izan zuen Gipuzkoako txapelketan eta final-zortzirenetako fasea gaindituta, final-laurdenetan kantatzera iritsi zen.

Iturria: Oñati Irratia