Gipuzkoa Naturaldia Oñatira iritsiko da ostiral eta igandean

2016/12/13
Card image cap
Errenteria, Eibar eta Tolosan ere ekintzak antolatu dira

  Gipuzkoa Naturaldia, Gipuzkoako naturari buruzko kalitatearen dibulgazioa sustatzea du helburu. Foru Aldundiaren Ingurumen Departamentuak antolatu du nahiz eta aurreko urteetan Tolosan egin den Naturaldian duen jatorria. Haren izpiritua jaso eta Gipuzkoako hainbat herritara zabaldu da. Proiektua 3 dimentsiotan hazi dela esan daiteke: Gipuzkoako hainbat herritan egingo baita, hiru urtarotan gauzatuko da eta naturaren eta dibulgazioaren munduko hainbat eragilerekin lankidetzan antolatu da. Oñatiren kasuan, Udalarekin eta Natur Eskolarekin.

  Gipuzkoa Naturaldiaren babesean, LAS ESTACIONES dokumentalaren emanaldia eskainiko da ekimenean parte hartzen duten herri guztietan. Filmeak izotz arotik gaur egun arteko bidaia proposatzen du eta Europako basoek denboran zehar izan duten garapena ikusi eta sentitzeko aukera emango zaie ikusleei.  Las estaciones, hausnarketarako bidea ematen duen ipuin zoragarria da eta gizateria eta animalien erreinua elkartzen dituen historia zalapartatsu eta luzea kontatzen duena.

  Baina filmaren proiekzioaz gain, udalerri bakoitzean tokian tokiko adibide bat jarriko da eta bisita gidatuak antolatuko dira. Oñatin esaterako Iturrigorri da bereziki zabalduko den balore naturala. Hala, ostiralean, 19:00tan eta kultur etxeko zine aretoan, Iñaki Aizpuru biologo eta Naturtzaindiako kideak Iturrigorriri buruz berba egingo du. Ondoren, dokumentala eskainiko da. Baina igandean, Iturrigorrira bisita egingo da Natur Eskolak gidatuta eta bertako berrikuntzak erakutsiko dira. Irteera irekia da, interesa duten guztientzat. Hitzordua, 8:30tan plazan egin da. Egun erdiko irteera izango da. Oñatin bezala, Errenterian, Eibarren eta Tolosan ere, tokian tokiko altxor naturalak erakutsiko dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!