Gipuzkoa eta Bizkaira zabaldu du Jaurlaritzak eskolak bertan behera uzteko agindua

2020/03/12
Lagun leku elkartea itxi egin da eta Pake lekun udalak zer erabakiko zain daude

  Eusko Jaurlaritzak ikastetxeetako irakaskuntza jarduera eteteko agindua eman du eguerdian, koronabirusa zabaltzea saihesteko. Eskola-jarduera presentzialari dagokion etenaldiak 15 eguneko iraupena izango du, bihartik aurrera. Bitartean, irakasleek, beraien eguneroko jarduna eta ikasle eta familiekiko harremana nola bideratu planifikatu beharko dute.

  Goizean berriz, Legun leku elkartea ixtea erabaki da, Osakidetzaren gomendioei jarraituz. Pake leku elkarteko taberna irekita dago baina ekintzak bertan behera utzi dira, udalak zer erabakiko zain. Izan ere, osasun sailak udalei helarazitako idatziak gomendioa ematen baitu, alegia, udalen esku dauden adinekoen etxe eta elkarteak ixteko gomendioa, udalak dira beraz, erabakia hartu behar dutenak.

  Lagun leku elkartean udalaren erabakiaren zain egon gabe Eltziako lokala ixtea adostu dute. Abisu berririk eman bitartean beraz, Lagun leku elkartea itxita egongo da. Pake lekun berriz, antolatuta zeuden ekintzak bertan behera uztea erabaki du zuzendaritza batzordeak, tartean, gaurko bingo saioa. Taberna normaltasunez ireki da goizean, eta halaxe dago, udalak, lokala ixteko agindua ematen ez badu, behintzat. Udal arduradunak arratsaldean elkartzekoak dira Osasun sailak bidalitako jakinarazpena aztertu eta erabakia hartzeko. Adineko pertsonak dira koronabirusaz gaixotzeko arrisku handiena dutenak eta horiek babeste aldera eman da jubilatu elkarte eta lokalak ixteko gomendioa.

  San Martin egoitzak asteak daramatzate jada Koronabirusaren aurkako neurriak hartzen. Lehenik, egoiliarren bisitak mugatu zituzten eta aldiko pertsona bakarra joan zedin eskatu zen. Bisita orduak ere mugatu dira eta bi orduko tartean bakarrik joan daiteke baina bisita gehienera ordubetekoa izan dadin eskatzen da. Egoiliarrak kanpora ez ateratzea gomendatzen da eta bakoitzaren solairuan mantentzea, hau da, gela duten solairuko aretoetan soilik egotea eskatzen da. Bisitariei gainera, tenperatura hartzen zaie sarreran eta eskuak garbitu arazten zaie. San Martin egoitzan dauden adinekoak babeste aldera hartzen ari diren prebentzio neurriak dira horiek.

  Herriko enpresetan ere antzerako neurriak hartzea gomendatzen ari zaizkie langileei. Fabrikara joan aurretik tenperatura hartzeko edota gune komunetan, kafe eta bestelako jaki makina daudenetan, esaterako, aldi berean, bizpahiru langile bakarrik egoteko.

  Koronabirusa xamur kutsatzen den gaixotasuna da eta bestelako patologiarik ez duten pertsonek gripe arrunt baten moduan pasa badezakete ere, bestelako osasun arazoren bat izan dezaketen herritarrak babesteko neurriak hartzea gomendatzen da. Beti ere, ospitaleak eta bestelako osasun azpiegiturek gainezka egin ez dezaten, kolapsatu ez daitezen.   

Iturria: Oñati Irratia