Gidabaimeneko azterketa euskaraz egitera animatzeko kanpaina berria egingo du udalak.

2014/05/14
Azterketa teorikoa euskaraz egiten dutenen artean 350 euroko diru laguntza zozkatuko da urte akaberan.

  Gidabaimena doan lortu dezakezu da promozio kanpaina berri honen leloa. Izan ere, gidabaimena euskaraz egitasmoaren baitan, udaleko euskara zerbitzuak 350 euroko diru laguntza zozkatuko baitu, azterketa teorikoa euskaraz egiten duten herritarren artean. Azterketa prestatzeko liburu eta testak euskaratuta daude eta material hori eskuragarri dago herriko autoeskoletan.

  Horretxegatik, eta herritarrek gidabaimeneko azterketa euskaraz egin dezaten animatzeko esku-orriak banatuko dira bi autoeskola horietan eta herriko ikastetxeetan.

  Udalak, urteak daramatza gidabaimena euskaraz egiteko bitartekoak jartzen. Materiala euskaratzeko diru ekarpena egin zuen lehenik, eta hori eskutan, urtero, 350 euroko saria zozkatzen du teorikoa euskaraz egin dutenen artean. Ekimenak fruituak ere eman ditu eta gidabaimena euskaraz ateratzen dutenen kopuruak gora egin du urtez urte. 2009an, esaterako, gidabaimena euskaraz, ehuneko 10ak soilik atera zuen. Iaz berriz, %64a izan ziren.

  Aurten zenbat izango diren ez dakigu baina hala egiten dutenen artean, urte akaberan, 350 euroko diru-laguntza zozkatuko du udalak.

Iturria: Oñati irratia