GI-2630ean, Torreauzorako bidegurutze inguruan, biribilgunea egingo du Foru Aldundiak, 2022an

2021/02/05
Card image cap
Munazategiko biribilgunearekin batera beste hobekuntza batzuk ere egingo dira San Prudentziorainoko errepidearen segurtasuna hobetzeko

  Torreauzorako bidegurutze inguruan biribilgunea egingo du Diputazioak, Udalaren aspaldiko eskaera bere eginez. Otadui kaletik doan errepideak GI-2630 errepidearekin bat egiten duen gune horretan eraikiko da errotonda, San Pedrora joateko egun ezkerretara egin behar den bira kenduta. Biribilgunean bi autobus geraleku egokituko dira gainera. Proiektua idazten ari dira eta lanak 2022an egitea aurreikusten dute Aldundiko arduradunek.

  Baina aurten bertan beste birigilgune bat eraikiko da GI-2630 errepide horretan, dakizuenez, Munazategi sektorera eta Garibai auzora sarbideak izango dituena, alegia. Hartarako behar diren lurzoruen kudeaketa egiten ari da Foru Aldundia baina lanen exekuzioa eta finantzaketa ULMAk hartuko ditu bere gain. Horrela, aurreko legealdian udal arduradunek Foru Aldundiari behin eta berriz egin zioten eskaera gauzatuko da, eta Oñati herrigunetik  Zubillagako saihebidera bitarteko trafiko ordenatu eta arazoak bideratzeko bi biribilgune egingo dira.

  Beste hainbat hobekuntza ere egingo dira GI-2630 errepidean, Oñati eta  San Prudentzio artean, trafikoa baretze aldera. Garibai auzoan, Arriagakua baserriaren parean galtzada estutuko da, zintarriak dituzten irlatxoak eta lehentasunik gabeko oinezkoentzako pasabidea jarriko dira, ibilgailuen abiadura murritzaraziz. Bestalde, hiru bihurgunetan mikro-aglomeratu geruza aplikatuko da, marruskadura-koefizientea handitu eta galtzadatik irtetearen ondoriozko istripuak ekiditeko asmoz.

  GI-2630 errepideak zirkulazio handia hartzen du Oñati eta San Prudentzio artean, astelehenetik ostiralera. Enpresetara sartu-irteneko puntako orduetan 10.000 ibilgailu baino gehiago hartzen ditu eta horietatik % 8-10 trafiko astunari dagozkio. Industrialdeen eta hiriguneen irisgarritasuna hobetu eta erabiltzaileen segurtasuna handitze aldera hainbat hobekuntza egingo ditu Aldundiak datozen bizpahiru urteetan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!