Gerra zibileko obus bat topatu dute Mendiko kalean

2020/12/15
Card image cap
Ertzaintzaren artezilariek eraman dute leherrarazteko

  Mendiko kalea 4ko familia txoko batean topatu du jabeak obusa, zorua egokitzeko lanak egiten ari zela. Goizeko 8:00ak inguruan izan da. Zorua txukuntzeko lanetan hasi eta gutxira ustez metalezko hodi bat zena jo du eta lurra kentzean 60 zentimetro inguruko luzera zuen obusa aurkitu du. Udaltzaingoari abisua emanda, hauek Ertzaintzari deitu diote, era horretako objektuak jaso eta eramatearen konpetentzia baitagokio. Ingurua hesitu egin da, segurtasunagatik.

  Iurretako artezilariak etorri dira eta obusa jaso aurretik oinarrizko azterketa egin dute. Topatutakoa gerra zibilean erabili ziren obusa zela baieztatu dute. Erabat herdoilduta zegoen lehergailuak kargarik ote zuen ziurtatzerik ez dute izan eta, badaezpada, jaso eta eraman dute. Arantzazuko harrobian-edo leherrarazteko asmoz eraman dute, lokal jabeari esan diotenez. Jaso aurretik neurtu eta pisatu dute: 60 cm luze eta 60 Kg-ko obusa zen. Dirudienez, gerra garaian erabili izan zirenen artean handienetakoa.

  10:00-10:30tarako Mendiko kalea normal eta lasai zegoen berriro.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!