Oñatiko udala

Gaztelekuko sotoan sarrera arrapala irisgarritasun neurrietara egokitzeko lanak egingo dira

2015/06/01
Card image cap
Zerbitzua bi astez itxita egongo da

  Gaztelekuko sotoa familia gunea da, 0-7 urte bitarteko haurrei eta beren zaintzaileei zuzendutako gunea. Asko, haur kotxeekin doaz. Baina egungo  sarrera arrapala oso pikoa da eta ez ditu irisgarritasun neurriak betetzen. Horretxegatik, sarrera egokitzeko lanak egingo dira.

  Arrapalaren maila leuntzeko, luzatu egingo da. Ez da aparteko zailtasuna duen lana baina egin-egin behar da. Eta horretarako, eguraldia hobetzearen zain egon dira. Asko dira, negu partean, eguraldi hotza eta euritsua denean babes bila sotora doazen familiak. Orduan jada jakinekoa zen sarrerako arrapala egokitu behar zela, baina eguraldiak epeltzera itxaron da lanak egiteko.

  Lanak bi astez luzatu daitezke. Hasi, asteazkenean  hasiko dira eta ekainaren 16-17ra arte luzatu daitezke. Lehenago amaituz gero, sotoa lehenago irekiko da. Gaur, astelehena izaki, astero bezala, zerbitzua itxita egongo da baina bihar, ohiko ordutegian, 17.00etatik 20.00etara irekiko da. Asteazkenean ordea, ez da irekiko eta hala mantenduko da pare bat astez.

  Haur txikiak zituzten gurasoen eskaerari erantzunez hasi ziren orain bospasei urte Gaztelekuko sotoa irekitzen. Hasieran, neguko hotzari aurre egin ahal izateko, San Migel jaixak pasata, Aste Santura bitartean soilik irekitzen zen eta asteburutan bakarrik. Baina gerora, zerbitzua, astean zeharreko arratsaldeetara zabaldu zen. Espazioa ere, egokituz joan da eta 0-2 eta 3-7 adin tarteko haurren beharretara hornituz eta  moldatuz joan da. Guraso edo zaintzaileen beharrak ahaztu gabe. Gune hau, familia gunea baita eta haurrak, beti ere, nagusi baten ardurapean egoten baitira bertan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!