Gaztelekuaren 25. urteurrena aztergai izango da gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean

2019/01/24
Ospakizunak urte osora zabalduko dira eta 25 urteko historia bilduko duen liburua argitaratzeko asmoa dago

  Gaztelekua ireki zela 25 urte betetzen dira aurten. Horren haritik, hainbat ospakizun egitea aurreikusten da, kontzertuak, erakusketak eta ekintza bereziak. Herritarrei, orokorrean, zuzenduko zaizkie ospakizun ekitaldiak baina espazioaren erabiltzaile nagusi diren haur eta gaztetxoak ahaztu gabe. Egitaraua pitinka osatzen ari direla adierazi digu Gazteria teknikariak eta hala jakinarazten joango direla. Ospakizunak urte osora zabaldu nahi dira.

  Gaztelekuaren 25 urteko historia bilduko duen liburua osatzeko asmoa dago eta horren berri emango zaio gaur gobernu taldeari. Haurrak eta Gazteria batzordearen eskutik beste gai batzuk ere proposatuko dira gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean; musika ekipo handirako hainbat erosketa egitea edota Gaztelekuko bulegoaren irisgarritasuna hobetzeko neurriak. Datozen asteetarako antolatu diren ekintzen berri ere emango da.

  Haurrak eta Gazteria batzordearen gaiak ez ezik, Ogasuna batzordea eta Kirolak batzordearenak ere aztertuko dira gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean. Guztira, 17 gaiko lan zerrenda osatu da. Goitek S.L. kirol zerbitzu enpresaren eskaera eta Aloña Mendiko Trialtloi sailarena aztertuko dira, besteak beste.

  Gobernu taldearen asteko bilera 18:00tan hasiko da.

Iturria: Oñati Irratia