Gaztelekuan ahaztuta utzi diren arropa eta materiala urriaren 3a bitartean jaso beharko dira

2017/09/26
Card image cap
Jasotzen ez dena dohaintzan emango da

  Asko dira Gaztelekuan pilatzen diren ahaztutako arropa, eskola material eta bestelakoak. Gaztetxoek ahaztuta uzten dituzte eta ez dira ez galdetzera ezta bila pasatzen ere. Pilatutako material gehiena arropa da: 15-20ren bat sudadera eta beste horrenbeste jertse, zapatilak, bufak eta jaka edo zamarraren bat. Erloju pare bat ere badaude eta eskola material ugari: boligrafo eta bestelakoentzako zorroak, kuadernoak eta baita liburuak ere.

  Pilatuaz doan materiala jasotzeko epe muga bat jarri dute Gaztelekuko arduradunek. Urriaren 3a izango da ahaztutako arropa edo bestelakoak erretiratzeko, jasotzeko azken eguna. Hortik aurrera, dohaintzan emango da, elkartasun talderen baten esku utziko da. Jasota dauden bi erlojuak dena den, udaltzaingora eramango dira.

  Urriaren 3a jarri da ahaztutako arropa eta bestelako materiala jasotzeko azken egun gisa baina kontu egin, herriko jaiak tarteko, Gaztelekua hainbat egunez itxita egongo dela. Ostegunean, hilaren 28an, 19:00tan itxiko da eta urriaren 3ra arte ez da berriro irekiko. Beraz, gaur, bihar, etzi eta hurrengo asteartea dira aipatu materiala ikusi eta ahaztutakorik bertan topatuz gero jasotzeko egunak.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!