Gaztelekuak "Katapulta Tour" egitasmoan jarraituko du aurten

2017/03/08
Card image cap
Udazkenean Izaroren kontzertua izango da programazio honen baitan

  Katapulta Tour Gipuzkoa musikako eta formatu txikiko arte eszenikoetako zirkuitua da. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirol Departamentuak sustatzen du eta  Kutxa Kultur, eta Jazzaldiak laguntzen dute. Egitasmoak bi helburu nagusi ditu: musika nahiz arte eszenikoetan diharduten artista gazteei beren lana erakusteko aukera eskaintzea batetik, eta kulturaren agertokia dinamizatzea bestetik, kultur programazio egonkorra duten espazioak ezagutzera ematen den aldi berean.

  Gaztelekuak iaz lehen aldiz parte hartzen zuen Katapulta Tour egitasmo honetan. Horren haritik, ekaina, uztaila eta abenduan hainbat kontzertu eta ikuskizun programatu zituen. Aurten, egitasmoan jarraitzea erabaki da eta oraingoz, kontzertu bat izango dela aurreratu genezake, Izarok udazken inguruan emanaldia eskainiko baitu Gaztelekuan. Beste ikuskizun edo kontzerturen bat programatzea ez dute baztertzen Gazteria Batzordeko kideek.

  Katapulta Tour Gipuzkoa 2017 programaren bidez, 30 artista taula gainera igoko dira dozena bat herritan. Baina parte hartzeko interesa agertu duten artistak gehiago izan ziren, 76 musika talde eta arte eszenikoetako 33 talde, hain zuzen ere. Iazko urte amaieran egin zen deialdian adierazten zenez, aukeraketan, Gipuzkoako proposamenei eman zaie lehentasuna, baina lurraldetasunaz gain, generoa, kalitatea eta gaztetasuna dira lehenetsi diren beste faktore batzuk.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!