Gaztelekuak eta Txinparta Bertso Eskoliak gazteentzako VIII. bertso paper lehiaketa antolatu dute

2017/01/17
Lanak aurkezteko epea, otsailaren 3an amaituko da

  Gaztelekuak bertso eskolarekin batera antolatzen duen bertso paper lehiaketa martxan da jada. Partaideak, adinaren arabera bi mailatan bereizten dira: Lehen hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleak batetik eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta batxilergoko ikasleak bestetik. Maila bakoitzean, egin beharreko lana eta jasoko diren sariak ezberdinak dira. Hala, lehen hezkuntzako ikasleek bi bertso edo lau kopla osatu beharko dituzte ondorengo gairen bati lotua: Kuboko gaztetxoek Topalekua beraientzat hartu nahi dute edota, beste herrialde batetik Oñatira etorri naiz bizitzera. Maila honetan 5 sari banatuko dira. 12-18 urte bitartekoen mailan berriz, hiruna bertso osatu beharko dira neurri eta gai librean. Sariak, kategoria honetan 3 izango dira.
Sariak kultura produktuetan gastatzeko opari txartelak izan ohi dira.

  Pasa den astean banatuko ziren ikastetxeetan Gaztelekuko VIII. bertso paperen lehiaketan parte hartzeko gonbidapen orriak. Bertsoak osatuta, otsailaren 3ra arteko epea dago lanak Gaztelekuan entregatzeko. Sari banaketa ekitaldia noiz egingo den guztiz zehaztu gabe dago oraindik. Otsailean bertan egingo da eta bertsolaritzarekin zer-ikusia duen beste ekitaldi baten baitan egin asmo da. Baina oraindik, guztiz zehaztu gabe dago, esan bezala.

Iturria: Oñati Irratia

2016ko bertso paper lehiaketako sari banaketa