Gaztelekuak bere izena gordeko du.

2013/02/26
Hala erabaki zen zapatuko asanbladan.

  Instalazioak herritar guztiei ireki arren, nagusiki gazte ekipamendua izaten jarraituko duenez, izena mantentzea erabaki zen. 

  Verduri hall, Patxi Hipolito eta herri gune izan ziren Gaztelekua izendatzeko proposatu ziren izen berrietako batzuk. Guztira, hogeitaka proposamen aurkeztu ziren. Baina instalazioen barne antolamendu eta kudeaketaz eztabaidatzeko asanbladara bildu zirenek, orain arteko izena gordetzearen alde azaldu ziren. Erabakia hartzerakoan garrantzia berezia izan zuen ekipamenduen erabiltzaile nagusiak gazteak izango direla aurrerantzean ere. Instalazioak, herriko talde eta kolektibo ezberdinei ireki arren, topalekua eta kuboa nagusiki 8 eta 18 urte bitarteko gazteek erabiliko dutenez GAZTELEKUAren jatorrizko izena mantentzea erabaki da. Herri mailan gainera, izena ezaguna eta erreferentzia dela ere baloratu zen zapatuko asanbladan.

  Ez zen hori izan asanbladan aztertu zen gai bakarra: ekintzen koordinadora eta tabernaren kudeaketaz ere berba egin zen luze, oso luze jo zuen batzarrean. Jende askorik bildu ez bazen ere, asanblada mamitsua izan zela adierazi digu gaztedia teknikariak.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!