Gazteentzako IX. bertso paper lehiaketa antolatu dute Gaztelekuak eta Txinparta Bertso Eskolak

2018/02/26
Lanak aurkezteko epea martxoaren 12an amaituko da

  Gaztelekuak bertso eskolarekin batera antolatzen duen bertso paper lehiaketa martxan da jada. Partaideak, adinaren arabera bi mailatan bereizten dira: Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleak batetik eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta batxilergoko ikasleak bestetik. Maila bakoitzean egin beharreko lana eta jasoko diren sariak ezberdinak dira. Hala, Lehen Hezkuntzako ikasleek bi bertso edo lau kopla osatu beharko dituzte. Orain arte hiru gai aukeran eman zaizkie bertsoak osatu ditzaten baina aurten, lehen aldiz, gaia argazkitan proposatu zaie; plastiko pote eta hondakinez zikindutako hondartza bat, lurra eta munduan bizi diren arraza ezberdineko neska-mutikoak eta bertso jaialdi bateko partaideak irudikatzen dituzten argazkiak proposatu zaizkie, bat aukeratu eta lana osatzeko.  Maila honetan 5 sari banatu ohi dira. 12-18 urte bitartekoen mailan berriz, hiruna bertso osatu beharko dira neurri eta gai librean. Sariak, kategoria honetan 3 izaten dira.

  Pasa den astean zabaldu ziren ikastetxeetara Gaztelekuko IX. bertso paperen lehiaketan parte hartzeko gonbidapen orriak. Bertsoak osatuta, martxoaren 12ra arteko epea dago lanak Gaztelekuan entregatzeko.

  Sari banaketa ekitaldia berriz, martxoaren 18an egingo da Gaztelekuan. Lehenik, 5-11 urte bitarteko gaztetxoei zuzenduta, PETRESKU ETZI EZ ETSI! antzezlana eskainiko da. Ondoren, bertso paper lehiaketako sari banaketa ekitaldia hasiko da Nerea Ibarzabal bertsolaria eta Eneko Arrate aktorea bertan izango direlarik. Amaieran, merienda izango da partaide guztientzat.

Iturria: Oñati Irratia

2017ko bertso paper lehiaketako sari banaketa