Gazteen emantzipaziorako udal dirulaguntzak hirukoiztu egin dira 5 urtetan

2019/03/20
Aurtengo deialdia argitaratuta, eskaerak urriaren 11ra arte egin daitezke

  Udaleko Haur eta Gazteria departamentuak kudeatzen ditu etxebizitzen alokairurako gazteei eman ohi zaizkien dirulaguntzak. Aurtengo deialdiari argi berdea eman zitzaion otsaileko Osoko bilkuran eta iragarkia gaur argitaratu da Gipuzkoako aldizkarian.

  Dirulaguntza hauen xedea beraien kabuz bizitzera doazen gazteen emantzipazioan laguntzea da, etxebizitzaren alokairu kostua arinduz;  alokairu merkatua dinamizatu eta ahal den neurrian,  errenta prezioetan eragin, merkatuz. Izan ere, hilean 550 €tik gorako errenta  duten etxebizitzen alokairua dirulaguntza hauetatik kanpo uzten baitira. Beste horrenbeste egiten da sustapen publikoko babes ofizialeko etxebizitzak badira, Bizigune programaren barruan, logelak edo etxebizitza gisa erabilitako lokalak alokatzen badira. 

  2015ean gazteen emantzipaziorako laguntza hauek ematen hasi zirenetik, eskaerak ugalduz joan dira eta hirukoiztu egin da udalak jarritako diru poltsa.  Lehen urte hartan 22 eskaera jaso ziren, hurrengo urtean 23,  2017an 29 eta iaz berriz, 36 eskaera. Ondorioz, lehenengo urtean 16.351€ banatu ziren eta iaz 51.200 €. Gaur ireki den deialdirako 50.000 € diru poltsa gorde da.

  Dirulaguntzak hauek 18 eta 30 urte bitarteko gazteek eskatu ditzakete baldin eta, gutxienez 12 hilabeteko alokairu kontratua baldin badute. Hileko alokairu prezioaren erdia estaltzeko dirulaguntza emango da, muga 250 euro hilean izaki.
Eskatzailea, edo bizikidetza unitateko kide bat gutxienez, Oñatin erroldatuta egon beharko du azken bi urteetan edo aurrez, gutxienez 10 urtetan.

  Gazteen emantzipaziorako dirulaguntzen araudiak eskatzaileen urteko diru sarrera gordinak eta aurreztutako diruaren errendimendua mugatu egiten ditu: urteko diru sarrerak gehienera 28.000 euro izan daitezke eta kapital errentetatik eratorritako errendimendu gordina berriz, ezin izango da urtean 601 eurotik gorakoa izan. Alokairu etxebizitzei dagokienean, Oñatin egon behar dira eta bizigarritasun baimen izan behar dute.

  Dirulaguntzak bi zatitan ordainduko dira; lehenengo ordainketa ebazpena egin ondoren gauzatuko da eta ordura arte egiaztatutako alokairu gastuen araberako proportzioan egingo da. Bigarren ordainketa, egiaztatze agiri guztiak aurkeztutakoan gauzatuko da. Eskaerak egiteko epea gaur zabaldu da eta urriaren 11ra arte luzatuko da.

Iturria: Oñati Irratia