Gazteen emantzipaziorako udal dirulaguntzak eskatzeko epea zabalik dago

2020/05/12
Eskatzaileen adin tartea handitu da eta 18 eta 35 urte bitartekoek eskatu ditzakete etxebizitzak alokatzeko dirulaguntzak

  Udaleko Haur eta Gazteria departamentuak kudeatzen ditu etxebizitzen alokairurako gazteei eman ohi zaizkien dirulaguntzak. Aurtengo deialdiari dagokion iragarkia atzo argitaratu zen Gipuzkoako aldizkarian eskaerak egiteko epea irekiz, urriaren 16ra arte.

  Dirulaguntza hauen xedea beraien kabuz bizitzera doazen gazteen emantzipazioan laguntzea da, etxebizitzaren alokairu kostua arinduz; alokairu merkatua dinamizatu, eta ahal den neurrian, errenta prezioetan eragin, merkatuz. Izan ere, hilean 550 eurotik gorako errenta duten etxebizitzen alokairua dirulaguntza hauetatik kanpo uzten baitira. Beste horrenbeste egiten da sustapen publikoko babes ofizialeko etxebizitzak badira, Bizigune programaren barruan, logelak edo etxebizitza gisa erabilitako lokalak alokatzen badira.

  Orain arte 18 eta 30 urte bitarteko gazteek eskuratu zitzaketen emantzipaziorako dirulaguntza hauek baina adin tartea handitzea erabaki du udalak eta 35 urtera artekoek eskatu dezakete. Orain arteko datuek ere halaxe agertzen dute, hau da, eskatzaileen gehiengoa, % 92a, 24 urtetik gorakoak direla.

  Onuradunek, gutxienez, 12 hilabeteko alokairu kontratua izan behar dute. Hileko alokairu prezioaren erdia estaltzeko dirulaguntza emango da, muga 250 euro hilean izaki. Eskatzailea, edo bizikidetza unitateko kide bat gutxienez, Oñatin erroldatuta egon beharko du azken bi urteetan edo aurrez, gutxienez 10 urtetan. Gazteen emantzipaziorako dirulaguntzen araudiak eskatzaileen urteko diru sarrera gordinak eta aurreztutako diruaren errendimendua mugatzen ditu: urteko diru sarrerak gehienera 28.000 euro izan daitezke eta kapital errentetatik eratorritako errendimendu gordina berriz, ezin izango da urtean 601 eurotik gorakoa izan. Alokairu etxebizitzei dagokienean, Oñatin egon behar dira eta bizigarritasun baimen izan behar dute.

  Dirulaguntzak bi zatitan ordainduko dira; lehenengo ordainketa ebazpena egin ondoren gauzatuko da eta ordura arte egiaztatutako alokairu gastuen araberako proportzioan egingo da. Bigarren ordainketa, egiaztatze agiri guztiak aurkeztutakoan gauzatuko da. Eskaerak egiteko epea gaur zabaldu da eta urriaren 16ra arte luzatuko da. 50.335 euro gorde dira gazteen emantzipaziorako dirulaguntzetarako.

  Dirulaguntza hauek hirukoiztu egin dira bost urtetan. 2015ean 16.351 euro banatu ziren, iaz berriz, 53.207 euro. Eskaera kopuruari erreparatuta, lehenengo urteetako progresioa goranzkoa izan zen lehenengo lau urteetan eta iaz berriz egonkortu egin zen. 2019an 34 eskaera jaso ziren. Aipagarria da, eskaera gehienak emakumeek bideratzen dituztela, % 59a kasik, eta iaz eman ziren dirulaguntzen %95a, bizikide bakarreko edo bi bizikideko alokairuen ordainketan laguntzera bideratu zirela.

Iturria: Oñati Irratia