Gazteen emantzipaziorako dirulaguntzetan emakumeen eskaerek gehiengoa izaten jarraitzen dute

2021/01/05
Diru partida handitu egin da 2021eko udal aurrekontuetan

  2015ean hasi zen udala gazteen emantzipaziorako dirulaguntzak ematen. Helburua, gazteei alokairuan duten etxebizitzaren ordainketan laguntzea da. 18 eta 30 urte bitartekoei zuzendu zitzaizkien hasieran, baina adin muga zabaldu zen iaz eta 35 urtera artekoentzat dira egun.

  Dirulaguntza hauek laukoiztu egin dira sei urteotan; 2015ean 16.351 euro banatu ziren, iaz berriz, 65.642 euro. Ondorioz, 2021eko udal aurrekontuetan diru partida hau handitu egin da, 15.000 eurotan.

  Eskaera kopuruari erreparatuta, lehenengo urteetako progresioa gorantz izan zen eta azken urteetan 34/35en inguruan egonkortu dirala esan genezake. Iaz, 38 jaso ziren. 2020an eman ziren dirulaguntzen % 97a, bizikide bakarreko edo bi bizikideko alokairuen ordainketan laguntzera bideratu ziren.

  Eskatzaileen profilari erreparatuta, laguntzak 18 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzenduta dauden arren, 24 urtetik gorakoak gehiengoa dira, % 89a. Aipagarria da gainera, emakume eskatzaileen kopuruak gorantz jarraitzen duela eta bigarren urtez, nagusi direla dirulaguntza jasotzen; iazko 38 eskatzaileetatik 21 emakumeak ziren. 2015ean, 6 emakumek eskatu zuten emantzipaziorako dirulaguntza. Zentzu horretan, neska gazteen kolektiboan dirulaguntza hauek positiboki eragiten ari direneko ustea dute udal arduradunek.

Iturria: Oñati Irratia