Gazteen emantzipaziorako dirulaguntzetan emakumeen eskaerak ugaltzen ari dira, eta gehiengoa dira jada

2020/02/05
Balorazio oso positiboa egin dute udal arduradunek

  2015ean hasi zen udala gazteen emantzipaziorako dirulaguntzak ematen. Helburua, 18 eta 30 urte bitarteko gazteei, alokairuan duten etxebizitzaren ordainketan laguntzea da.

  Dirulaguntza hauek hirukoiztu egin dira bost urtetan. 2015ean 16.351 euro banatu ziren, iaz berriz, 53.207 euro. Eskaera kopuruari erreparatuta, lehenengo urteetako progresioa gorantz izan zen, 22, 23, 29 eta 36 eskaera jaso zirelarik 2015etik 2018ra bitartean. Iaz berriz, 34 eskaera izan ziren, aurrekoan baino bi gutxiago.  Badirudi beraz, eskaera kopurua egonkortzen ari dela. Iaz eman ziren dirulaguntzen %95a, bizikide bakarreko edo bi bizikideko alokairuen ordainketan laguntzera bideratu ziren.

  Eskatzaileen profilari erreparatuta, laguntzak 18 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzenduta dauden arren, 24 urtetik gorakoak gehiengoa dira, % 92a. Aipagarria da gainera, emakume eskatzaileen kopuruak gorantz jarraitzen duela eta egun nagusi direla dirulaguntza jasotzen; iazko 34 eskatzaileetatik 20 emakumeak ziren. 2015ean, 6 emakumek eskatu zuten emantzipaziorako dirulaguntza, eta hurrengo urteetan 11, 15, 17 eta 20.

  Datuok eskutan gazteen emantzipaziorako dirulaguntza hauek oso positiboki baloratu dituzte udal arduradunek. Gazteek emantzipatu eta beraien kabuz bizitzera joateko dituzten arazoak leuntzen laguntzen ari direlakoan daude. Zentzu honetan, urratsak ematen jarraituko dutela azpimarratu dute.

Iturria: Oñati Irratia