Gazteen emantzipaziorako diru laguntza eskaerak nagusi dira gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean

2018/10/18
Enplegua sustatzeko egitasmoaren baitan hainbat langabetu kontratatzea proposatuko da

  55 gai zerrendatu dira arratsaldeko batzarrerako eta horietako 18, gazteen emantzipaziorako diru laguntza eskaerak dira. Astelehenean amaitu zen pisuen alokairu-gastua arintzeko Udalak gazteei ematen dizkien laguntzak eskatzeko epea, eta azken asteetan bideratu direnak aztertuko dira gaur.

  Langabetuak kontratatzeko Lanbidek ematen dituen diru laguntzen gaia ere aztertuko da, Udalak egin zuen eskaera ebatzi baita. Horren haritik, hainbat langabetu kontratatzeko oinarri eta deialdiak proposatuko dira. Enplegua sustatzeko programa honen baitan Udalak dituen beharretarako, langabezia egoera berezian dauden kolektiboetako pertsonak kontratatu ohi dira, 3 edo 6 hilabetez. Gabonetan kaleak musikaz girotzeko proposamena ere aurkeztuko du gaurko Tokiko Gobernu Batzarrera Sozioekonomia departamentuak.

  Arartekoaren gomendioa jarraituz, Berezao industrialde pareko espaloia egokitu eta zebra bidea margotuko da. Berezaorako ibilbidean oinezkoentzako segurtasuna berma zezala gomendatu zion Arartekoak Udalari, inguruko bizilagun baten kexari erantzunez. Bide osoan espaloia egitea zaila da, hainbat industria pabilioitarako sarrera espaloi horren gainetik egin beharko litzatekeelako Mikel Biainek astearteko Alkatearekin Berbetan saioan esan zuenez. Baina hainbat egokitze lan egitea erabaki da eta aurrekontu proposamena gaurko bileran aurkeztuko da.

  Belarrerako baso-pista sendotze lanetarako Itelazpi eta Udalaren arteko akordio proposamena zertan den ere azalduko da.

Iturria: Oñati Irratia