Gazteek etxebizitzak alokatzeko udalaren diru laguntza eskatzeko epea zabalik dago

2016/05/19
Gutxienez, 12 hilabeteko alokairu kontratua duten 30 urte bitarteko gazteei zuzendutako diru laguntza da

  Bigarren urtea da Udalak, gazteen emantzipaziorako diru laguntza hauek ematen dituela baina iazkoarekiko berrikuntza bat dago eskatzaileen gehienezko diru sarreren mugan: urteko diru sarrera gordinak gehienera 28.000 euro izango da eskatzaile bakoitzeko eta ez, 35.000 euro bi eskatzaile edo gehiago direnean. Bestelakoan, baldintzak, iaz bezala mantentzen dira.

  Diru laguntzak, 18 eta 30 urte bitarteko gazteek eskatu ahal izango dituzte baldin eta, gutxienez 12 hilabeteko alokairu kontratua baldin badute. Hileko alokairu prezioaren erdia estaltzeko diru laguntza emango da, muga 250 euro hilean izaki. Eskatzailea, edo bizikidetza unitateko kide bat gutxienez, Oñatin erroldatuta egon beharko du, gutxienez 10 urtetan edo azken bi urteetan. Urteko diru sarrera gordinak mugatuak diren bezala, aurreztutako dirutik eratorritako errendimendu gordina ere mugatu da eta ezin izango da urtean 601 eurotik gorakoa izan.
Diru laguntzaren eskatzaile eta etxebizitzaren jabearen artean ezingo da familia loturarik izan ahaidetasuneko bigarren mailaraino.

  Alokairu etxebizitzei dagokienean, Oñatin egon beharko dira eta bizigarritasun baimen izan beharko dute: erabiltzeko moduan dagoen sukaldea izan beharko dute, gas edota argindarraz hornituak, iturriko ura eta erabiltzeko egoeran dagoen ur bero sistemarekin. Kalerako aireztatzea eta bizikidetza unitateko bi pertsonako gehienez, logela bat. Diru laguntzetatik kanpo uzten dira, sustapen publikoko babes ofizialeko etxebizitzak, logelen alokairuak, etxebizitza gisa erabilitako lokalak eta Bizigune programaren barruan alokatutakoak. Diru laguntza hauetatik kanpo geratuko dira era berean, hilean 550 eurotik gorako errenta duten etxebizitzak.

  Diru laguntzak bi zatitan ordainduko ditu Udalak; lehenengo ordainketa ebazpena egin ondoren gauzatuko da eta ordura arte egiaztatutako alokairu gastuen araberako proportzioan egingo da. Bigarren ordainketa berriz, egiaztatze agiri guztiak aurkeztutakoan gauzatuko da.

  Gazteen emantzipaziorako diru laguntzetara  50.000 € bideratuko dira aurten. Eskaerak egiteko epea zabalik dago urriaren 16ra arte.

  Iaz lehen aldiz eman ziren emantzipaziorako diru laguntza hauek  helburu bikoitza dute: gazteei gurasoen etxebizitza utzi eta beren kabuz bizitzeko bidean laguntzea eta herrian, alokairuzko etxebizitzen merkatua sustatzea. Iaz, 24-25 gaztek jaso zuten Udalaren diru laguntza hau.

Iturria: Oñati Irratia