Gazteek etxebizitza alokatzeko udalaren diru laguntza eskatzeko epea zabalik dago

2018/03/12
Gutxienez 12 hilabeteko alokairu kontratua duten 30 urte bitarteko gazteei zuzendutako diru laguntza da

  Diru laguntzak, 18 eta 30 urte bitarteko gazteek eskatu ahal izango dituzte baldin eta, gutxienez 12 hilabeteko alokairu kontratua baldin badute. Hileko alokairu prezioaren erdia estaltzeko diru laguntza emango da, muga 250 euro hilean izaki.
Eskatzailea, edo bizikidetza unitateko kide bat gutxienez, Oñatin erroldatuta egon beharko du azken bi urteetan edo aurrez, gutxienez 10 urtetan.

  Gazteen emantzipaziorako diru laguntzen araudiak eskatzaileen urteko diru sarrera gordinak eta aurreztutako diruaren errendimendua mugatu egiten ditu: urteko diru sarrerak gehienera 28.000 euro izan daitezke eta kapital errentetatik eratorritako errendimendu gordina berriz, ezin izango da urtean 601 eurotik gorakoa izan.

  Alokairu etxebizitzei dagokienean, Oñatin egon behar dira eta bizigarritasun baimen izan behar dute: erabiltzeko moduan dagoen sukaldea izan behar dute, gas edota argindarraz hornituak, iturriko ura eta erabiltzeko egoeran dagoen ur bero sistemarekin. Kalerako aireztatzea eta bizikidetza unitateko bi pertsonako gehienez, logela bat. Diru laguntzetatik kanpo uzten dira, sustapen publikoko babes ofizialeko etxebizitzak, logelen alokairuak, etxebizitza gisa erabilitako lokalak eta Bizigune programaren barruan alokatutakoak. Diru laguntza hauetatik kanpo geratuko dira era berean, hilean 550 eurotik gorako errenta duten etxebizitzak.

  Diru laguntzak bi zatitan ordainduko dira; lehenengo ordainketa ebazpena egin ondoren gauzatuko da eta ordura arte egiaztatutako alokairu gastuen araberako proportzioan egingo da. Bigarren ordainketa berriz, egiaztatze agiri guztiak aurkeztutakoan gauzatuko da. Gazteen emantzipaziorako diru laguntzetara  45.000 € bideratuko dira aurten. Eskaerak egiteko epea zabalik dago urriaren 12ra arte.

  2015ean abian jarri ziren  gazteen emantzipaziorako diru laguntza hauek  helburu bikoitza dute: gazteei gurasoen etxebizitza utzi eta beren kabuz bizitzeko bidean laguntzea eta herrian, alokairuzko etxebizitzen merkatua sustatzea.
Diru laguntza hauek eman diren hiru urteetan 20-25en bat gaztek jaso zuten etxearen alokairurako udalaren laguntza.

Iturria: Oñati Irratia