Gazte kultur jardueretarako udal dirulaguntzak eskatzeko epea zabalik dago azaroaren 10a arte

2020/10/15
Udaberriko deialdian eman gabe geratu ziren ia 7.300 euroak banatzea da bigarren honen helburua

  Gaztedia departamentuak urtero ematen dituen dirulaguntza hauek, Oñatiko gazteek eta gazte-talde edo elkarteek sustatzen dituzten kultur jardueretara zuzentzen dira. Orokorrean diruz laguntzen diren jarduera eta kontzeptuak oso zabalak dira, baina bigarren deialdi honetan kultur sormen eta hedapen proiektuak babesten dira.

  Dirulaguntza hauek jaso ahal izateko oinarrizko baldintza batzuk bete behar dira: erakunde, talde, edo norbanako eskatzailea oñatiarra izan behar da, eta talde eskatzailearen kideen erdia gutxienez 12 eta 30 urte bitartekoa izan behar da. Baldintzak beteta dirulaguntza jaso ahal izateko idazki ofiziala aurkeztu behar da. Gazte informazio bulegoan eskuratu daitekeen eskaera idazkiarekin batera taldearen curriculuma aurkeztu behar da, orain arte egindako jarduerak, helburuak, baliabide materialak eta abar zehaztuz. Gainera taldeko arduradunaren nortasun agiriaren kopia ere entregatu behar da. Gaiaz informazio gehiago nahi duten gazte talde eta banakakoek, Gaztelekura jo dezakete. Eskaerak ere bertan aurkeztu behar dira.

  Udaberrian zabaldu zen aurreko deialdian zazpi eskaera jaso ziren eta zazpiak diruz babestea erabaki zuen udalak. Algaraz ikuskizun elkarteak hiru eskaera aurkeztu zituen: ikuskizun berria muntatu eta diskoa eta bideoklipa grabatzeko. Zarramarra elkarteak ere beste hiru presentatu zituen: proiektuaren sormen lana egin, zuzeneko ikuskizuna prestatu eta grabaziorako. Azkenik, Txantxiki familia elkarteak urteko ekintzetarako dirulaguntza eskatu zuen. Guztira 7.709 euro ematea erabaki zen. Ondorioz, deialdi berri honetan, diru partida agortzeko geratzen diren 7.291 euroak banatuko dira.

Iturria: Oñati Irratia

Algaraz elkarteak udal dirulaguntza jaso du