Gazte kultur jardueretarako udal diru laguntzak eskatzeko epea zabalik dago azaroaren 9ra arte

2015/10/15
Bigarren deialdi honen helburua, udaberrikoan eman gabe geratu ziren 1800 euroak banatzea da

  Gaztedia departamentuak urtero ematen dituen diru laguntza hauek, Oñatiko gazteek eta gazte-talde edo elkarteek sustatzen dituzten kultur jardueretara zuzentzen dira. Diruz laguntzen diren jarduera eta kontzeptuak oso zabalak dira, hala,  urteko programaketa eta elkarteen sustapena diruz babesten den bezala, kultur sormena eta hedapenaren sustapena edota material erosketa bera, diruz laguntzen da.

  Diru-laguntza hauek jaso ahal izateko oinarrizko baldintza batzuk bete behar dira: erakunde, talde, edo norbanako eskatzailea oñatiarra izan behar da, eta talde eskatzailearen kideen erdia gutxienez 12 eta 30 urte bitartekoa izan behar da. Baldintza beteta diru laguntza idazki ofiziala beteaz eskatu behar da. Gazte informazio bulegoan eskuratu daitekeen eskaera idazki horrekin batera taldearen curriculuma aurkeztu behar da, orain arte egindako jarduerak, helburuak, baliabide materialak eta abar zehaztuz. Gainera taldeko arduradunaren nortasun agiriaren kopia ere entregatu behar da. Dirulaguntza egitarau bat aurrera ateratzeko baldin bada, aurre ikusitako ekintza bakoitzeko fitxa bana bete beharko da, jarduera horren gastu-sarreren aurrekontua, eta aurreikusten diren epe, data eta helburuak zehaztuz.

  Gaur hasi eta azaroaren 9ra bitartean jasotzen diren diru laguntza eskaera guztiak eskutan, proposatutako egitarauaren kalitatea, ekintza kopurua, talde eskatzaileak lanean erakusten duen jarraipen eta egonkortasuna, gertatutako jarduerak herriko gazte guztiei zuzentzea eta euskararen erabilpena zein puntutaraino sustatzen den baloratuko dira.

  Gaiaz informazio gehiago nahi duten gazte taldeek eta banakakoek, Gaztelekura jo dezakete. Eskaerak ere bertan aurkeztu behar dira.

  Maiatzean zabaldu zen aurreko deialdian bost egitasmo babestu zituen Udalak; Hydra, Miren, Agur eta Oier, Wasaby eta Juan Ignacio Valls-i diskoa grabatzeko eta Txantxiki Familia Elkarteari urteko ekintza programarako diru laguntzak ematea onartu zen. Lehen deialdian eman gabe geratu ziren 1800 euroa banatzea da deialdi berri honen xedea.

Iturria: Oñati Irratia

Miren, Agur eta Oier