Gazte kultur jardueretarako udal diru laguntzak eskatzeko epe berria zabalik dago azaroaren 30a arte

2016/11/04
Bigarren deialdiaren helburua, udaberrikoan eman gabe geratu ziren 8655 euroak banatzea da

  Haur eta Gazteria Batzordeak urtero ematen dituen diru laguntza hauek, Oñatiko gazteek eta gazte-talde edo elkarteek sustatzen dituzten kultur jardueretara zuzentzen dira. Diruz laguntzen diren jarduera eta kontzeptuak oso zabalak dira, hala,  urteko programaketa eta elkarteen sustapena diruz babesten den bezala, kultur sormena eta hedapenaren sustapena edota material erosketa bera, diruz laguntzen da.

  Diru-laguntza hauek jaso ahal izateko oinarrizko baldintza batzuk bete behar dira: erakunde, talde, edo norbanako eskatzailea oñatiarra izan behar da, eta talde eskatzailearen kideen erdia gutxienez 12 eta 30 urte bitartekoa izan behar da. Baldintza beteta, diru laguntza idazki ofiziala beteaz eskatu behar da. Gazte informazio bulegoan eskuratu daitekeen eskaera idazki horrekin batera taldearen curriculuma aurkeztu behar da, orain arte egindako jarduerak, helburuak, baliabide materialak eta abar zehaztuz. Gainera taldeko arduradunaren nortasun agiriaren kopia ere entregatu behar da. Dirulaguntza egitarau bat aurrera ateratzeko baldin bada, aurre ikusitako ekintza bakoitzeko fitxa bana bete beharko da, jarduera horren gastu-sarreren aurrekontua, eta aurreikusten diren epe, data eta helburuak zehaztuz.

  Azaroaren 30a bitartean jasotzen diren diru laguntza eskaera guztiak eskutan, proposatutako egitarauaren kalitatea, ekintza kopurua, talde eskatzaileak lanean erakusten duen jarraipen eta egonkortasuna, gertatutako jarduerak herriko gazte guztiei zuzentzea eta euskararen erabilpena zein puntutaraino sustatzen den baloratuko dira.

  Gaiaz informazio gehiago nahi duten gazte taldeek eta banakakoek, Gaztelekura jo dezakete. Eskaerak ere bertan aurkeztu behar dira.

  Udaberrian zabaldu zen aurreko deialdian  eskaera bakarra jaso zen eta hura diruz babestea erabaki zuen Udalak. Txantxiki Familia Elkarteari, urteko egitasmorako 2240 euro ematea erabaki zen. Ondorioz, deialdi berri honetan, diru partida agortzeko geratzen diren 8655 €ak banatuko dira.

Iturria: Oñati Irratia

Txantxiki Elkartearen urteko jardunerako diru laguntza onartu zuen Udalak