Gazta dastatze proba itsua egingo da larunbat goizean Arantzazuko Parketxean.

2013/11/18
Card image cap
Ramon Lizeaga adituak zuzenduko du 15 euskal artisau gazten dastapena.

  Iazko esperientzia arrakastatsuaren haritik, euskal artisau gazten datatzea antolatu da Arantzazuko Parketxean.
Ekitaldiak bi zati izango ditu: lehena, artzainen bizimoduaren inguruko hitzaldi bisita izango da eta bigarrena, gazta dastatze proba bera izango da.

  Arantzazuko Parketxeko bigarren solairuan dagoen museoan artzaintzak leku berezia du. Gure inguruan 4000 urte baino gehiago dituen lanbide honen iragana eta oraina laburbiltzen da. 20 minutuko iraupena izango duen bisita gidatuan, artzainen bizimodua azalduko da bai ikuspegi historiko batetik baina baita gaur egungo egoera landuz ere.
Horren ondoren, eta Ramon Lizeaga adituaren eskutik, Euskal Herriko hainbat artisau gazta ezagutzeko aukera izango da.

  Bertaratutakoei, gaztaren ezaugarri objektibo eta subjektiboak azalduko dizkie Lizeagak. Gaztak sentipen ugari sortzen baititu, eta horiek azaltzeko aukera ere izango da larunbata goizean.

  Dastatze proban hain ezaguna bihurtu den Idiazabal gazta izango da baina baita Ramon Lizeagak berak berreskuratu dituen antzinako beste gazta batzuek. Ardi esnez egindakoak eta behi eta ahuntz esnez egindakoak ere bai. 15 gaztak banan-banan zatituko dira eta bakoitzaren ezaugarri nagusienak azalduko ditu. Azalpen bakoitzaren ondoren, dastatu eta esperientzia pertsonalizatuak etorriko da.

  Larunbatean, goizeko 11etan Arantzazuko Parketxean egingo den dastatze proba itsu honetan parte hartu ahal izateko izena eman behar da. Plazak mugatuak dira eta 25 lagunentzako lekua izango da soilik. Izena emateko, Parketxera bertara telefonoz deitu daiteke: 943.78.28.94 zenbakira. Interesatuek, 8 euro ordaindu beharko dute eta 5 eta 12 urte bitarteko haurrek berriz, 5 euro.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!