Gaur zabaldu da udaleku irekietan eta arte udalekuetan parte hartzeko izen-ematea

2018/03/12
Udaleku irekiak 4 eta 12 urte arteko haurrei zuzenduta daude eta arte udalekuak 9-16 urte bitarteko gaztetxoei

  Ez da aparteko nobedaderik izango aurtengo udaleku irekiak eta arte udalekuetan, ez bada, parte hartzeko interesa duten haur eta gazteentzat izen-emate epe berbera finkatu dela bietarako, gaur hasi eta hilaren 23ra arte. Bi aisialdi programak uztailaren 2tik 27ra eta 10:00tatik 13:00tara burutuko dira.

  Udaleku irekietan 2006tik 2014ra bitartean jaiotako neska mutikoek parte hartu ahal izango dute. Matrikulari dagokionean ere ez dago aldaketarik eta azken urteetan bezala, 70 eurotan mantentzen da. Aipagarria da gainera, seme-alaba batek baino gehiagok parte hartzen badu udalekuetan, matrikula prezioa merkatzen dela, bigarrenaren matrikula 60 € izango da, hirugarrenarena 50 € eta laugarrenetik aurrera doan. Beharra duten gurasoek, zaintza zerbitzua izango dute aukeran goizeko 8:15tatik 10:00ak arte. Zerbitzu hau Gaztelekuko sotoan emango da udalekuetako egunetan eta 50 € gehiago ordaindu beharko da. Ikastetxeen bitartez banatu diren izen-emate orrietan xehetasun guztiak ematen dira. Bertan agertzen dira baita ere, ordainketa egiteko kontu zenbakiak. Behin ordainketa eginda, ordainketaren ziurtagiria eta haurraren izen-emate orria guztiz beteta udaletxera edo txaloka ludotekara eraman beharko da. Udal bulegoetara goizez, 9:00tatik 14:00tara eta Txaloka ludotekara arratsaldez, 16:45etik 19:45etara.

  Arte udalekuei dagokienean ere izen-ematea gaur ireki da. Lehen Hezkuntzako 3. mailatik DBH 4. mailara arteko haur eta gazteek parte hartu ahal izango dute. Kasu honetan ordea plazak mugatuak dira eta gehienez 15 lagunek parte hartu ahal izango dute. Iaz bezala, eta udaleku irekien matrikula kostuarekin parekatuz, lehenengo seme-alabak 70 € ordaindu beharko du, bigarrenak 60, hirugarrenak, 50 eta laugarrenetik aurrera doan. Baina ordainketa ez da orain egin behar. Gaur ireki da arte udalekuetan izena emateko epea eta onartzen direnei, gerora adieraziko zaie dirua non, zein kontu korrontetan, sartu behar duten. Arte udalekuetan izena emateko Gaztelekura joan behar da . Gaur ireki da hartarako epea eta martxoaren 23ra arte luzatuko da. Arte udalekuetan, izenak adierazten duen bezala, arte disziplina ezberdinak lantzen dira: marrazkigintza, eskultura, margogintza eta abar.

Iturria: Oñati Irratia

Arte udalekuetako partaideak