Oñatiko udala

Gaur zabaldu da udalak antolatutako udalekuetan parte hartzeko izen emate epea.

2013/03/11
Aurtengo udaleku irekietan, 2003tik 2009ra bitartean jaiotako haurrek parte hartu ahal izango dute.

  Haurrek etxera eraman duten izen emate orria beteta, ordainketa, Euskadiko Kutxan egin behar da. Aurten, 70 euroko matrikula jarri da. Ordainketa eginda, izen emate orria, kutxan bertan hartuko digute.

  Uztailaren 1etik 26ra eta astelehenetik ostiralera, goizeko 10etatik ordu batera luzatuko diren udaleku ireki hauetan parte hartzeko neska mutikoen izen ematea, martxoaren 22an amaituko da.

  Izena ematearekin batera, haurra etxera bakarrik joateko baimena orritxoa ere bete daiteke, eta hala onartzen duten gurasoei baimena orain betetzea eskatzen zaie. Halakorik idatziz aurkezten ez duen haurraren bila norbaitek joan beharko du eta.

  Udal gobernu taldeak, AHK kooperatibaren esku utzi du aurten ere, udaleku irekien koordinazioa. Horren ardura izango duten bi langileak apirilean bertan hasiko dira lanean eta uztailean, laguntzaile bat eta errefortzuko beste bi begirale izango dituzte. Horrezaz gain, eta orain izena ematen duten neska mutikoen kopuruaren arabera, 10-12ko taldearentzat begirale bana kontratatuko da. Baina, begirale izan nahi dutenentzat, izen ematea, apirilaren 2an irekiko da, zenbat haurrek izena eman duten argitu eta gero.

  Iaz, 340 haur aritu ziren udaleku ireki hauetan. Urtez urte haziaz doan kopurua da baina aurten zenbat izango diren ezin da aurreratu, gaur bertan zabaldu baita, haurren izen emate epea. Izen ematea, martxoaren 22an amaituko da eta gurasoei, epe hori zaindu eta betetzea eskatzen zaie. Martxoaren 22tik aurrera ez baita haurrik onartuko.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!