Oñatiko udala

Gaur itxi da trafikorako Udanarako errepidea

2019/09/18
Card image cap
Udalak oharra kaleratu du bide mozketak eta autobus zerbitzuaren etenak sortu duten kexa ugarien haritik

  Olapoto eta Aiastui bitartean dauden lau zubiak konpontzeko lanak egiteko Udanarako errepidea astelehenean itxiko zela iragarri zen arren, gaur arte zabalik egon da. Bitartean, bide mozketaz ohartarazten duten seinaleak jarri dira eta semaforoak egokitu dira. Baina GI-2630 errepidea itxita dago gaur goizetik, lau hilabeterako. Udanarako errepidea ez ezik, bidegorria ere itxi egin da Olabarrieta auzo barruan. Ugarkaldetik Olabarrietako autobus geltokia bitarteko tartea zabalik dago oraindik, baina auzoan barrena Aiastui baserriraino doan bidegorri zatia itxi da, oinezkoen segurtasunerako. Kontu egin behar da, Olaran errekaren gaineko lau zubien konpontze lanak bi fasetan egingo direla, eta gaur hasi den lehenengo fasean, lanak, goialdean, Udanako mendate azpitik auzo sarrerarainoko tarte horretan egingo direla.

  Udanarako errepidea lau hilabeterako ixteak eta ondorioz, Oñati eta Legazpi arteko autobus zerbitzu publikoa epe berean eteteak egonezina sortu du herritar askorengan. Kexak jasotzen ari dira udaletxean, eta horren haritik oharra kaleratu da.
Arazoari irtenbidea eman asmoz, Foru Aldundiarekin eta Legazpiko udalarekin harremanetan daudela jakinarazten da aipatu oharrean. Udaletxean jasotzen diren kexak Diputaziora bideratzen ari direla eta  kexak helarazteko formularioa udaleko webgunean eskuragarri dagoela zehazten da. Bien bitartean, Oñati eta Legazpi arteko mugikortasun arazoa konpontzeko alternatibak bideratzeko lanean jarraituko dutela adierazten da udalaren oharrean. 

  Errepide nagusian lanean ari diren bitartean, Olabarrieta auzo barrutik bideratuko da zirkulazioa, eta horretarako, semaforoak jarri dituzte. Bide hau auzotarrentzat eta bertan lan egiten dutenentzat gordeko da. Zirkulazio baimen bereziak prestatu dira horientzat eta udaletxean eskuratu behar dira. HAZ bulegoan bete behar da eskaera edo udaleko web atariaren bitartez.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!