Gaur ireki da udaleku irekietan begirale izateko izen emate epea.

2014/04/07
18 urte izan eta euskaraz ondo hitz egitea eskatzen da. Udalak, hautatutakoei, lan kontratua egingo die ekainaren 30etik uztailaren 30era.

  Uztailean egingo diren udaleku irekietan begirale izan nahi dutenek hilaren 16ra arteko epea dute dagokien eskaera udal bulegoetan egiteko.

  Lanean hasterako, 18 urte beteta izatea, euskaraz ondo moldatzea eta eskola graduatua izatea dira bete beharreko oinarrizko baldintzak. Hortik aurrera, aisialdi monitore gisa edota akademikoki duten formazioa eta lan-eskarmentua bereziki baloratuko dira. EGA edo pareko titulua izatea ere kontutan hartuko da. Puntuagarri diren meritu eta titulu guzti horien egiaztagiriak izena ematerakoan aurkeztu behar dira, eskaera orria eta nortasun agiriaren kopiarekin batera.

  Eskaera guztiak jasota, bakoitzari dagokion puntuazioa aterako da eta berdinketa izenez gero, ordena ezartzeko, honako irizpideak hartuko dira kontutan hurrenez hurren: oñatiarra izatea, egiaztatutako lan esperientzia, begirale titulua izatea, EGA edo baliokidea den agiria izatea eta lanpostuarekin zerikusia duten ikasketak.

  Puntuazio horren arabera, begirale izateko izena eman dutenen zerrenda kaleratuko da. Kontratua, puntuaziorik altuena lortu dutenei egingo zaie, beti ere beharraren arabera. Ostiralean amaitu zen udalekuetan parte hartuko duten neska mutikoen izen emate epea. Jaso diren eskaera horiek taldeka bildu eta zenbatu ondoren jakingo da udalekuetarako zenbat begirale behar eta kontratatuko diren.

  Aurten ere, izena ematerakoan zein adin taldeetako neska mutikoekin aritu nahiko luketen galdetuko zaie. Hiru talde berezitu dira: 4-5 urtekoak, 6-7koak eta 8-10 artekoak. Gainera, kontratua izango duten hautagaien artean geratu ezean, begirale tituluari dagokion zati praktikoa bertan egiteko interesik izango ote luketen ere galdetuko zaie. Kasu honetan, dena den, argi utzi behar da, praktikak egiten dituztenei ez zaiela ordainduko.

Izena ematen dutenek kontu egin beharko dute, begirale izateko formazio saioetara joan beharko dutela. Aurten bi prestakuntza saio egingo dira: maiatzaren  24an eta ekainaren 27an.

Udalak, berriz, hautatutakoei, hilabeteko lan kontratua egingo die, ekainaren 30etik uztailaren 30era.

Gogoratu, udalekuetan begirale izateko eskaera betetzeko epea, datorren eguaztenean, hilaren 16an amaitzen dela.

Iturria: Oñati irratia